Aldundiak datorren martxoaren 31ra arte mantenduko ditu Alavabus eta eskualdeko garraioaren txartel arruntaren prezioan aparteko deskontuak. Ordura arte, behintzat, erabiltzaileek %50eko deskontua izango dute Bat, Barik eta Mugi txartel anonimoekin, eta %62 eta %72 artekoa Bat pertsonalizatuarekin.
"Nahi duguna da joan den astean Kongresuan deskontuak luzatzeko dekretuari uko egin zioten talde politikoen arduragabekeriak erabiltzaileei kalterik ez egitea", azaldu du Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak. Nogalesek dio bi hilabeteko luzapen horrek hobari horiek bermatzen dituela, "Espainiako Gobernua formulak bilatzen ari den bitartean dekretu horretan jasotako garraio publikoa babesteko neurriak onesteko".
Bestalde, Arabako Aldundiak txartel arruntaren prezioa eguneratuko du otsailaren 1etik aurrera –Bat, Barik edo Mugi garraio txartel gabeko prezioa-, Araba Erdialdeko, Aiaraldeko, Arabako Errioxako eta Miranda/Gasteiz/Durangoko emakidetan (%0,62ko igoera linea guztietan) eta Bilbo-Logroño ibilbide luzeko linean (%3,05eko igoera).