AHTaren kontrako mezuak Ribabellosako boilurraren azokara heldu dira igande honetan. Trenari bai, AHTrik ez goiburu, elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek "desjabetzeak eta Ramiro Gonzalezen kudeaketa" salatzeko.
Gogoratu dute ahaldun nagusiari eta administrazio desberdinetako gainerako politikariei proposamen bat aurkeztu zitzaiela. "Trafiko mistorako eta abiadura handirako tren publiko eta sozial baten aldeko alternatiba, bidaiarien eta merkantzien trenen maiztasuna handitzeko aukera ematen duena, egungo trenbideen egokitzapenean eta hobekuntzan oinarrituta". Horren arabera, Garraio Ministerioak egindako proposamenak baino 1.000 milioi euro gutxiago balioko luke; "eta bidaia denborak 10 minutu baino ez lirateke handituko".
Irtenbide hori "erreala eta teknikoki bideragarria" dela diote, baina ez dutela aztertu nahi izan. "Horregatik ditugu gaur desjabetzeak mahai gainean, AHTaren ibilbidetik harago doazen desjabetzeak. ADIFen asmoa da harrobiak egitea inolako izapiderik eta ingurumen kontrolik pasatu gabe, obraren kostuak merkatuz lurraldean bizi diren pertsonen kontura, eta lurraldearen ondarearen galera areagotuz".
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari desjabetzeak eta AHTaren proiektua gelditzea eskatu diote, eta tren sozial baten aldeko aukera aztertzea. "Proposamen adostua, herritik sortua, lurraldearen kohesio handiagoa ahalbidetzen duena eta biztanleen eta inguruaren beharretara hobeto egokitzen dena".