⛅ EGURALDIA

Heze, eta haize gogorrekin

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 27a

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Euria egin dezake gaur zein bihar, baita ekaitz modura ere. Elur kota pixkanaka jaitsiko da, eta bihar 1000 metroan kokatu daiteke.

Zeru hodeitsuekin jarraituko dugu aste berriarekin batera. Egunaren erdiko orduetan, ordea, ostarte batzuk zabalduko dira. Inoiz zaparradak izan ditzakegu —baita ekaitz modura ere—, baina gauerako atertzera joko du. Elur kota 1200-1300 metro ingurura jaitsi daiteke. Haizeak gogoz egingo du, hego-mendebaldetik. Hori dela eta, gaur gauean zehar abisu horia ezarrita egon da, haize boladek 100 km/h-ko abiadura hartzeko arriskuagatik. Gasteizen 6 eta 15 gradu arteko tenperaturak espero dira.

Biharko, atzeko giroa iragarri dute: zeru hodeitsu edo oso hodeitsuak, zaparrada txikiak botatzeko arriskuarekin. AEMETen arabera, arratsaldean, ekaitz modura izan daitezke horiek. Elur kota are gehiago jaitsiko da. 1000-1200 metro inguruan kokatuz. Haizeak mendebaldetik egingo du, ahul-bizi, baina tarte oso gogorrekin. Momentuz Euskalmetek ez du Arabarako abisurik eman, baina litekeena da orduek aurrera egin ahala hori gertatzea, kostalderako dagoeneko itsas abisua emana dutelako. Termometroetan hotz gehiago nabarituko da, eguneko alde termikoa Gasteizen 3 eta 11 gradu artekoa izango baita.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago