Greba deitu dute erresidentzietan, urtarrilaren 30ean eta otsailaren 20an

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 24a

Grebara doaz berriro erresidentzietako langileak. Argazkia: ELA

Aldundiaren aurrekontu akordioan neurri espezifikoak falta direla uste dute ELAk eta LABek.

Arabako erresidentzietan lan baldintzak duintzeko, aurrekontu akordioan jasotako neurriak egi bihurtzea nahi dute langileek. Horretarako, ELAk eta LABek urtarrilaren 30ean eta otsailaren 20an grebak deitu dituzte. Sindikatuek kritikatu dute ez dagoela proposamenik mahai gainean, eta negoziazio mahaiak blokeatuta jarraitzen duela, "nahiz eta langileek zazpi urte daramatzaten lan baldintzak hobetuko dituen lehen hitzarmen probintzialaren alde borrokan". 

EAJ eta PSEko foru gobernuak eta EH Bilduk akordio bat lortu zuten iragan abenduan, eta horretan diru kopuru bat zehazten da Arabako egoitzen lehen hitzarmena lortzeko. ELAk eta LABek positibotzat jo zuten neurria bere momentuan. Hala ere, sindikatuek gogoratu dute "sektorea duintzeko neurri espezifikoak eta konpromiso politikoak falta direla", eta bost urte baino gehiagoko gatazkaren ondoren, "prekarietatea nagusi" dela, "patronalen eta Aldundiaren erantzukizunagatik".

Negoziazioei dagokienez, adierazi dute administrazioak soldatari eta lanaldiari buruz baino ez duela hitz egin nahi; eta  gainera, "gutxiengoan sinatutako balizko itun bati atea ireki zaio". ELAk eta LABek, berriz, ohartarazi dute "lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen orokor bat" nahi dutela, eta ez dutela onartuko "gutxiengoan sinatutako akordio faltsurik".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago