STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako irakaskuntza grebak "jarraipen zabala" izan duela esan dute langileen ordezkariek. Ziurtatu dutenez, deitutakoen %75 baino gehiago batu dira deialdira, "atzoko greba egunaren parez pare".
Gasteizen gaur goizean egin duten manifestazioaren ondoren, sindikatuek salatu dute Jaurlaritzak "gehiegizko zerbitzu minimoak" ezarri dituela, eta langileei "greba eskubidea ukatu" diela. Besteak beste, gogora ekarri dute hamabost urte direla hitzarmena eta lan baldintzak eguneratu gabe dituztela. Eskatu dute lan zamak arintzeko, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzeko, eros ahalmena berreskuratzeko. Bide beretik, esan dute "lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia" dela.