Ia bi milioi metro koadro nekazal lur desjabetuko du AHTak Añanan eta Trebiñun

Erredakzioa 2025ko urt. 22a, 18:11

Agerraldia egin dute gaur herrietako ordezkari instituzionalek eta UAGAk. Argazkia: JON FLORES

AHTak Añanako eta Trebiñuko kuadrilletan eginen duen "mutilazioa" salatu dute Berantevilla, Erriberabeitia eta Lantarongo udalek eta inguru horretako zortzi kontzejuk.

290 aldiz Mendizorrotzako futbol zelaiaren azalera okupatuko du AHTak Miranda Ebro eta Gasteiz tartean; guztira, 1.874.971 milioi metro koadro nekazaritza lur desjabetuko ditu tren lasterraren obrak Añanako eta Trebiñuko kuadrillako udalerrietan baita Gasteizen ere. Herririk kaltetuena Berantevilla izanen da, 607.854 metro koadro lur galduko baitu udalerriak, egun nekazaritzara dedikatzen dutena. Halaber, 39.428 lur urbanizagarria galduko dute kaltetutako udalerriek.

Agerraldia egin dute goizean UAGA sindikatuarekin batera, inguru horretako udalek eta kontzejuek. Bertan izan dira Berantevilla, Erriberabeitia eta Armiñongo udalak eta baita Manzanos, Komunioi, Leziñana Oka, Quintanilla de la Ribera, Berantevilla, Legarda, Mandoia, eta Artatzako kontzejuak ere. Abiadura Handiko Trena "urakan gupidagabe bat bezala" agertu zaiela salatu dute, "gure soroak, etxeak eta itxaropenak suntsituz". 

Elkarretaratzea egingo dutela iragarri dute kaltetutako herriek, urtarrilaren 26an, Ribabellosan, Boilur Beltzaren Azokaren bueltan, "neurrigabeko makroproiektu honen desjabetzak salatzeko".

Ingurumen txostenik gabe

Miranda Ebro eta Gasteiz artean desjabetzak egiteko Adifek "konspiratzea" erabaki duela azaldu dute herrietako arduradun instituzionalek, baita AHTa igaroko ez den eremuetan ere. "Lursailak harrobi gisa erabiliko dira, ingurumen inpaktuaren izapiderik igaro gabe, obraren kostuak merkatzeko", azaldu dute; eta gaineratu dute lursail horietako batzuk Solaria enpresak ere zentral fotovoltaikoak egiteko nahi zituela. "Gure lurraldearekiko axolagabekeria kezkagarria da, eta bertan bizi garenekiko erabateko mespretxua erakusten du", kritikatu dute.

Desjabetzen eta lurraren galeraren aurrean  Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren "konpromiso falta tamalgarria" salatu dute udalek eta kontzejuek, eta "kea saltzea" leporatu diete erakunde gorenei. "Beraiek futuristatzat duten eredua aurrera ateratzeko apustua egiten dute, eta eredu horrek ez ditu inolaz ere baliabideak aurreztuko. Izan ere, biztanleriaren beharren erabat aurkakoa da", esan dute.

Duela urte eta erdi AHTaren obrek eragindako herri eta kontzejuen eskaerak jasota, hiru bide-ingeniariek aurkeztu zuten alternatiba defendatu dute herrietako ordezkari instituzionalek; eta "irtenbide jasangarriagoak" eskaintzen dituela azpimarratu dute. "AHTk suntsitzen duena ezin da dirutan bakarrik neurtu; belaunaldiz belaunaldi mantendu den ondarea suntsitzen du, ekosistemak apurtzen ditu eta gure herriak trenentzako pasabide izatera murrizten ditu. Eta, zertarako? Guk proposatutako alternatibaren aurrean minutu gutxi batzuk aurrezteko besterik ez".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago