'Gaua' pelikula berria filmatzen hasi da Urkijo

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 22a

Gaueko izakien mundu mitologikoan barneratuko da oraingoan. Argazkia: P.Urkijo

Euskal Herriko hainbat txokotan filmatuko dute hurrengo asteetan.

Errementari eta Irati film luzeen ostean, hirugarrenari ekin dio Paul Urkijo zuzendari gasteiztarrak. Aste honetan hasi da filmatzen Gaua, eta hurrengo asteetan jarraituko du Euskal Herriko txoko desberdinetan.

Oraindik lantaldearen eta ezaugarri teknikoen inguruko daturik aurreratu ez badute ere, XVII. mendeko sorgin ehizan girotutako istorioa dela azaldu du zuzendariak. "Sorgin ehiza betean, Kattalin baserritik irtengo da gau batez, senarrarengandik ihesi. Baso ilunean galdurik, zerbait atzetik daukala igarriko du. Bide horretan, hiru emakume maitagarri topatuko ditu, arropa garbitzen ari diren bitartean beldurrezko ipuinak kontatzen eta herriko esamesak komentatzen dituztela. Harrituta, Kattalin konturatuko da esames horietako batzuk berari buruzkoak direla".

EITBk parte hartuko du pelikulan, eta Irusoinek, Ikusgarri Filmsek eta Vilaüt Filmsek ekoitziko dute. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago