Arabako emakume zientzialarien bila ari dira

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 20a

Zientzian eta teknologian emakumeek egindako lana nabarmendu nahi dute. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Euskadiko Parke Teknologikoak emakumeen lana zientzia eta teknologiaren arloan ikusarazteko bi  kanpaina abiarazi ditu. 

Otsailaren 7tik 14ra bitartean, Zientzian emakume eta neskatoen Nazioarteko Eguna dela eta, emakumeei protagonismoa eman nahi die Euskadiko Parke Teknologikoak. Horretarako, erakundeak bi ekimen abiatu ditu. 

Batetik, aste horretan, emakumeek zientzian eta teknologian duten protagonismoa nabarmenduko dute webgunean eta komunikazio kanaletan. Parte hartu nahi dutenek komunikazioa@parke.eus helbidera mezu bat bidali behar dute, egiten duten jardueraren berri emanez, eta izen abizenak, prestakuntza eta deskribapen labur bat adieraziz. Horrekin batera, gutxieneko tamaina duen argazki bat erantsi beharko da. 

Norabide berearen, Inspira STEAM proiektuarekin batera, Arabako Foru Aldundiak koaderno bat egingo du, Araban zientziari ekarpena egiten dioten emakume guztiak nabarmentzeko. Koaderno hori formatu digitalean argitaratuko da, eta paperean banatuko zaie Arabako ikastetxeei eta beste erakunde batzuei otsailaren 11ko astean. Parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 24a baino lehen bidali behar dute posta elektroniko berdinera argazki bat, izena eta bi abizenak, jaiolekua eta urtea, zientzia eta teknologiarekin lotutako esaldi edo leloa, eta biografia labur bat.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago