Aste honetan abiatuko dira hezkuntzako grebak

Erredakzioa 2025ko urt. 20a, 12:13

2023ko hezkuntza grebako mobilizazioa. Argazkia: Steilas

Urtarrila eta otsaila bitartean hamabi greba egun deitu dituzte hezkuntza sektorean. Eskola publikoa erdigunean jartzeko exijitu diote Lakuari, hezkuntza publikoa indartuz, inbertsioa areagotuz eta lan baldintzak hobetuz.

LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, hamabi greba egun egingo dituzte urtarrilean eta otsailan hezkuntza sektorean. Publikoko irakasleak, sukaldariak, garbitzaileak eta Haurreskolak Partzuergoko langileak daude grebara deituta, egun ezberdinetan, urtarrilaren 22a eta otsailaren 27a bitartean. Aipatutako kolektibo guztiek dute iraungita lan hitzarmena.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan deitu dute greba zikloa, etzi izango da lehen greba eguna, 22an, irakasleen grebarekin hasita. Salatu dute lan baldintzek okerrera egin dutela azken urteetan, eta egoerak berdin jarraitzen duela EAEn Hezkuntza sail berria izanda ere. Sailari egotzi diote erabakiak aldebakarrez hartzen aritzea, eta negoziaketak luzatzen ari dela horretarako eduki esanguratsurik egon gabe. Grebara jotzea "beste erremediorik ez" dutela izan azaldu dute, hitzarmen berriak negoziatzeko.

Irakasleen hitzarmena 2010etik berritu gabe dago, eta sukaldarien, garbitzaileen eta Haurreskolak Partzuergoko langileen hitzarmenak, 2009tik. "15 urte dira, bada garaia hezkuntza publikoan inbertsioa handitzeko".

Sektore bakoitzak bere aldarrikapenak dituen arren, zazpi aldarri nagusi adostu dituzte denen artean: Neurri zehatzak adostea "geroz eta handiagoak diren lan kargak arintzeko"; plantillak gazteberritzeko plan bat garatzea, erretiroa aurreratzeko; galdutako eros ahalmena berreskuratzea; enplegu publikoa egonkortzea, aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean, "jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz", enplegua bermatzea; hezkuntza politikak abian jartzea hezkuntza publiko sistema osoa euskalduntzeko; langileen lan osasuna babestu eta bermatzeko arriskuen azterketak eta neurri zuzentzaileak ezartzea; eta baliabideak ematea kalitatezko berdintasun eta hezkidetza planak garatzeko.

Urtarrilaren 22tik otsailaren 27ra bitartean hamabi greba egun egingo dituzte hezkuntzan, kolektiboka banatuta. Irakasleek urtarrilaren 22, 23, 26 eta 27an egingo dute greba. Haurreskolak Partzuergoko langileek, berriz, urtarrilaren 28 eta 29an, eta otsailaren 12 eta 13an. Azkenik, sukaldari eta garbitzaileek urtarrilaren 30 eta 31n, eta otsailaren 19 eta 20an egingo dute greba.

Sindikatuek ahalegina egin dute grebaren arrazoiak eta informazioa zabaltzeko hezkuntza komunitateko fmailia, langile eta ikasleei. Dei egin diete, grebaren mobilizazioetan parte hartzeaz gain, eskoletan grebaren informazioa zabaltzen lagundu dezaten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago