Urtarrilaren 24tik 31era bitartean, iazko euskal zine produkzio onenak ikusteko aukera izango da Gasteizko Zinemastea jaialdian. 41. edizio honetan bederatzi film emango dira, egunean bat, 19:30ean, urtarrilaren 25ean izan ezik, saio bikoitza izango baita.
Programan, besteak beste, La infiltrada, Marco eta Soy Nevenka filmak nabarmendu daitezke, eta, guztira, Goya sarietarako 22 izendapen dituzten filmak ekarri dituzte, baita Donostia, Venezia, Sitges nahiz Malagako jaialdietarako eta Forque nahiz Feroz sarietarako izendatutako pelikulak ere. Gainera, Deviant, Una ballena eta Daniela forever filmak, esaterako, Araban lehendabiziko aldiz emango dira.
Zinemasteak bost kategoria ofizial ditu: film onena, zuzendaritza onena, gidoi onena, interpretazio nagusi onena eta aktore taldeko interpretazio onena. Sari multzoa osatzeko, ikusleek film onenari ematen dioten saria eta Vital Fundazioak zinemarekin zerikusia duten arabar irudiak saritzen dituen Gutako Bat saria.
Saio guztietara eta amaiera ekitaldira joateko abonuak eta sarrerak www.zinemastea.eus webgunean eros daitezke, Kordoi Etxean eta jaialdiaren leihatilan, emanaldiaren egunean, oraindik salgai baleude.