JON MAIA

"Euskal identitate berri bat behar dugu, garaiari egokitua"

Jon Hidalgo 2025eko urtarrilaren 18a

Mendizorrotzean egin zuen abenduan 'Kantu berri bat gara' emanaldia. Argazkia: JON MAIA

Jon Maia soriak (Urretxu, 1972) 'Kantu bat gara' disko-liburua aurkeztu zuen 2021ean, bere letrekin egindako euskal abestien bilduma. Ondoren, taldearekin kantu berriak sortzeari ekin zioten, eta 'Kantu berri bat gara' lanarekin taula gainean aritu dira azken urtean.

Gasteizen Aitzina Folk jaialdian izan zen abenduan Jon Maia, Arabako hainbat pertsona ezagunek lagunduta, eta aitzakia hori baliatuta hitz egin dugu berarekin, azken proiektuaz, herrigintzaz eta kulturgintzaz, euskal identitate berriez eta epikaz, besteak beste.

Urtebetetik gora da aurkeztu zenutela, baina zer da 'Kantu berri bat' gara proiektua?

Kantu bat gara lanaren luzapena da. Hainbeste gozatu genuen aurrekoan, pentsatu nuela ezin zela han bukatu. Aurrekoa izanik besteentzat idatzitako kantuen antologia bat, gogoa neukan kantu berriekin probatzeko, eta oraingoan guk idatzi eta konposatutako hamar kantu berri daude. Planteamendu berria da zuzenekoan ere, diskurtsiboki eta estetikoki.

Aurrekoa bazen "herria egin duten" kantuen bilketa moduko bat. Espiritu antzekoa du honek?

Aurreko disko-liburuan azaltzen nuen nola sortuak izan ziren kantuak, eta zein intentziorekin. Baina antologia bat da, nik idatziak izateaz gain ez daukate beste koherentziarik. Oraingo honetan badago koherentzia diskurtsibo eta intentzio kontzeptual bat. Bidaia bat bezalakoa da, gure identitatean eta gure historian zehar. Lurpeko erreka izeneko kantuarekin hasten da, 1400. urte inguruko Bereterretxen khantorian oinarrituta dagoena. Eta amaitzen da Euskal Herria B izeneko kantuarekin, egungo euskal gizarteari buruz hitz egiten duena, euskalduntasun esentzial edo ideal horretatik kanpo dagoen Euskal Herriari buruz.

Zer transmititu nahi izan duzu?

Herri txikia garela, hizkuntza txikia dela gurea, baina oso historia handia daukala, eta oso erronka handiak gainditu dituela bere menderik mendeko bidean. Transmititu nahi dut, baita ere, pertenentzia kontzientzia bat, lur honekiko, hizkuntza honekiko. Baina aldarrikatzen dut periferia. Aldarrikatzen ditut euskalkirik gabeko herriak, erdal eremuetako auzoetako euskaldunak, eta aldarrikatzen dut Euskal Herri hori guztia dela gure linea del frente berria. Hortik sortu da lana. Esango nuke lan guztietan dagoela motibazio extra-artistiko bat, ez dut egiten besterik gabe idazle edo abeslari izateko. Egiten dut bizi naizen garaian eragiteko, eta gizartea aldatzeko, ustez hoberantz den norabidean.

Izan garenaren eta izan gaitezkeenaren bidean, optimista zara?

Beno, optimista izateko daukadan ikuspegi bakarrenetakoa da milaka urtetan iraun dugula. Orain baino lehen ere pasa dira hemendik inperio handiak, armada handiak, munduko gerrak, gerra zibilak, diktadurak, gure hizkuntza likidatu nahi izan duten denetariko errepublikak eta legeak. Pentsatzen dut orain, plataforma digitalen garaian, eta globalizazioaren bizimodu berri honetan ere, asmatuko dugula aurrera egiten. Adibidez, baikortasunerako arrazoia ematen didan zerbait bada euskal musikagintzan behingoz sortu dela olatu historiko berria, aurrekoa gaindituta. XXI. mendeko musika moldeetan, eta euskaraz nagusiki.

"GASTEIZEN ESPERIMENTATU GENITUEN, BERTSOLARITZAN, GIPUZKOAN EGIN EZIN ZIRENAK" 

Esan izan da euskal musika eszena berria, oparoa izanda ere, apolitikoagoa dela, edo ezberdin egiten duela politika.

Uste dut Euskal Herria ere dezente aldatu dela azken urteotan. Badira belaunaldi berri batzuk jaio direnak politikaren egunerokotasun bortitza ezagutu gabe. Orain bortizkeriak beste forma batzuk ditu. Orain dira etxegabetzeak, osasun mentala, sexu identitate berriak, homofobia, emakumeekiko indarkeria. Uste dut gai horiek hartu dutela bere lekua euskal musikagintzan. Ez dira garai bateko letrak, beste letra batzuk dira, baina gure garaian hainbeste garrantzi ematen ez genien gaiei, orain belaunaldi berriek ematen diete.

Askotan aldarrikatu izan duzu etorkinen familiatik zatozela, eta bertsolari bihurtua gainera. Zer garrantzi izan du horrek zure identitatearen eraikuntzan?

Horregatik da gaur egun hain garrantzitsua niretzat identitatearen gaia. Nik, familiaren jatorriagatik, beti nire baitan, gatazka izan dut identitatearekin, hizkuntzarekin, eta nire ibilbidean leku berezia hartu du horrek. Uste dut, oraingo bizimodu globalizatuan, euskal identitate berri baten beharra dagoela, bizi garen garaiari egokitzen zaiona, etorkizunari begira jartzen dena. Ez dagoena kontrajarria esentzia horrekin, baina Euskal Herri osoaren errealitateak kontuan hartzen dituena.

Euskal identitateaz hitz egiten denean ematen du ia euskal nortasun bat balego bezala. Arriskurik ikusten diozu horri?

Askotan erori gara arrisku horretan, euskal nortasun ideal bat saltzen. Gogoratzen naiz, ikasleak ginenean Gasteizen, nola arabarrak askotan sumatzen nituen konplexuz beteak gipuzkoarren aurrean. Horrelako doako miresmen batekin hitz egiten ziguten. Gu Zumaiatik, Azpeititik edo Oñatitik gentozenez, gure euskara jatorrarekin, eta asko abizenekin, nahiz ez den nire kasua. Eta Euskal Herri idiliko berde, baserridun eta borrokalari horretatik, nora eta Gasteiza, erdal eremu, euskal edertasunik gabea, eta abar, eta abar. Hainbeste klitxe jartzen genion Gasteizi eta Arabari, ez zelako sartzen euskal nortasun ideal horren parametroetan. 

Horren aurka egin nahi izan duzu. 

Askotan historikoki gutxietsia izan da Araba, eta horregatik jarri nion Araba lehen alaba izena Mendizorrotzeko kontzertu handiari, nahi diodalako nire omenaldi pertsonala egin lur horri. Azkenean euskal nortasun ideal horretatik kanpo dagoen Euskal Herri guztia, bereziki Araba, da gure esperantzaren lurra. Zerotik, lortu du berreskuratzea lapurtutako hizkuntza. Hor daude hainbat eta hainbat arabar, euskararen lehen lerroan daudenak, Euskal Herriaren gurditik tiraka. Nik uste dut euskal nortasunaren parametroak zabaldu egin behar direla eta prestigioa eman behar zaiola historikoki idealetik kanpo utzi dugun guzti horri. Hor dago etorkizuna, Euskal Herri berri horretan. 

2021ean aurkeztu zuen 'Kantu bat gara' lana. Argazkia: JON MAIA

Zuk 97an kantatu zenion zure familia migratzaileari, ordutik asko aldatu da Euskal Herria, eta migratzaileen profila. Zertan aldatu da egoera? 

Lehen bi kultura nagusi ziren hemen, euskal kultura eta Espainiatik etorritako hainbat familiena. Ia 600.000 lagun etorri ziren oso urte gutxitan, eta euskal herri guztietan daude emigranteen auzoak, Francoren garaikoak. Orain, garai bateko langile etxe horiek oraingo migratzaileek okupatzen dituzte. Jatorri askotariko jendea dago, baina orain datozenekin ez daukagu gatazka politikorik, garai batean izan zitekeen bezala txartzat hartzea Espainiatik zetorren guztia, diktadura baten markoan, gainera. Orain ez daukagu gatazka zuzenik haien jatorrizko herrialdeekin, baina gauza batzuk errepikatzen dira, klasismoa, esaterako. Etortzen dena pobreagoa denean, gure begirada aldatzen da. Etortzen dena suitzarra bada, ez dago estigmarik. Uste dut jakin behar dugula guk, herri bezala, eta hizkuntza gutxitu batetik, hor lehen lerroan egoten. 

Euskal arrazakeria ere ari da hauspotzen, edo lotsa galtzen gutxienez. nola ikusten duzu egoera? 

"PRESTIGIOA EMAN BEHAR ZAIO EUSKALDUNTASUN IDEALETIK KANPO UTZI IZAN DUGUN HORRI" 

Ezin gara erlaxatu, ezin da momentu batean ere pentsatu Euskal Herria blindatuta dagoenik. Egia da hemen gihar sozial handi bat dagoela, borrokarako ohitura historikoa eta kontzientzia sozial handia, ez ideala, baina bai beste batzuetan baino gehiago agian. Eta orduan, hemen Vox-en presentzia ez da beharbada beste leku batzuetan bezain handia, baina jada ikusten ari gara, eta etengabe landu behar dugu gihar hori. 

Gasteizen eman zenituen urte batzuk gaztetan. nola gogoratzen dituzu gaur egun garai horiek? 

Kristoren garaiak izan ziren. Hemen, herritik atera, hemezortzi urtetxorekin, eta beno, Gasteiz ez zen munduko hiri handiena eta kosmopolitena, baina guretzat bai. Han ezagutu genituen euskaraz hitz egiten zuten beltzak, ezagutu genituen beste taberna mota batzuk, beste musika batzuk. Eta han hasi ginen esperimentatzen bertsolaritzarekin, Gipuzkoan, beharbada, esperimentatu ezin ziren gauzak. Han sortu genituen bertso tramak, adibidez. 

Zuk idatzitako letrekin egindako abesti asko ereserki bilakatu dira. Epika falta zaio egun Euskal Herriari? 

Falta baldin bazaio zerbaitengatik izango da, ez garelako gai epika sortzeko. Sua piztu daiteke, baina brasa egon behar da, mendeetatik datorrena eta inoiz itzali ez dena. Eta momentu batean brasa horrek berriz su hartuko du. Uste dut orain brasa horretan gaudela, orain ez gaude sutan, baina garrantzitsua da ez itzaltzea, edozein momentutan su handi bat piztu ahal izateko.

"GARAI BATEKO LANGILE ETXEAK ORAINGO MIGRATZAILEEK OKUPATZEN DITUZTE"

Zure letrak ereserki bihurtu izanarekin, nola daramazu pertsonalizazioa? Muga lausoa egon daiteke batzuetan herriari gorazarre egitetik pertsonari gorazarre egitera. 

Zuk kantu bat idazten duzunean ez daukazu inolako perspektiba historikorik, zentzu horretan, ezin da aurreikusi kantu horrek zer bide egingo duen. Handitasun hori lortzen dutenean kantuek, beharbada, gehienetan zerbaitengatik da, baina ezin da aurrez diseinatu arrakasta hori, gutxienez industria musikaletik kanpo, eta euskaraz. Baina ni ez naiz inor. Kantu batek lortzen duenean herrikoia bihurtzea, normalean kantuaren meritua da, jakin izan duelako bere testuinguruan konektatzen. Norbaiti gorazarre horiek bigarren mailakoak dira, ondorioak, ez aurrez pentsatutako zerbait. 

Nola ikusten duzu kulturak politika eta herrigintzarekin duen lotura? 

Ezin ditut bereizi, beti batera eraman ditut. Niretzat kultura da herria egiteko modu bat, mundua aldatzeko bidea eta tresna. Eta gainera berdin zait zein diziplinatan, batetik bestera pasatzen naizenean ere, beti daukat motibazio bera. Nire herria ahalik eta onena izan dadin, baloreetan oinarritzen dena, eta nire herritik mundua aldatzen saiatzea. Hori da egindako gauzekin lortu nahi dudana, beraz ezin ditut bereizi.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago