Tokiko informazioa euskaraz ematen duen sare bateratua abiatu du Tokikomek

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 17a

Gaurtik aurrera eskuragarri dago sare berria. Argazkia: ALEA

Tkm.eus Mastodonen nodoaren bidez jarraitu ahalko da tokiko hedabideen jarduna; tartean, ALEArena. "Euskarazko zero kilometroko informazio iturri fidagarria" eskaini nahi dute.

78 euskarazko toki komunikabide batzen dituen Tokikom taldeak tkm.eus sarea sortu du, tokiko edukian espezializatuko den Mastodon sare sozialeko nodoa. Besteak beste, desinformazioa eta eskuin muturreko interesen defentsa saihesteko eta erabiltzaileen osasun mentala eta fisikoa zaintzeko helburua du nodo berriak, taldeak gaur ohar batean ezagutzera eman duenez. 

"Tokikomen aspalditik gabiltza oso kezkatuta sare sozial korporatiboek hartu duten bidearekin", azaldu du Tokikomeko Komunikazio eta IKT zuzendari Joxe Rojasek. Hori dela eta, nodo honetan Tokikomeko komunikabideak eta profesional zein kolaboratzaileak soilik erregistratu ahal izango dira, Erresuma Batuko BBC ereduari jarraiki. Helburua "euskarazko zero kilometroko informazio iturri fidagarria" eskaintzea da. "Iruditu zaigu badela garaia aurrerapauso bat egiteko, gure zein gure irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaileen onerako".  

Tokikomeko presidente Iban Arantzabalek nabarmendu du sare sozial nagusiek erabiltzaileen kalterako eraginak dituztela eta, hedabide gisa, gero eta beharrezkoagoa dela jarduera soziala kontrolpeko plataformetan egitea. Horrela, informazioaren kalitatea bermatzeko eta erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko pausoak emango dituzte.

"Tokikom osatzen dugun hedabideok ere kooperazioaren, autonomiaren, jasangarritasunaren eta komunitate digital libreekiko errespetuaren balioekin identifikatzen gara, eta bat egiten dugu Goazen lagunok egitasmoarekin", erantsi dute.

Tokikomek erabiltzaileei dei egiten die zero kilometroko edukiaren aldeko apustua egiteko eta Mastodonetik jarraitzeko. Mastodoneko kontu batetik erraz jarraitu daitezke tkm.eus-en kontuak, eta euskarazko bi zerbitzari daude aukeran kontu berria irekitzeko: mastodon.eus eta mastodon.jalgi.eus.

Mastodoneko bilaketa kutxan hedabidearen edo hedabideen erabiltzailea jartzea besterik ez da behar jarraitu ahal izateko. ALEAren kasuan, @arabakoalea@tkm.eus kontuaren bitartez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago