ETS talde arabarrarentzat izango da Sabino Arana fundazioaren 2024ko sarietako bat, gaur eguerdian jakinarazi dutenez. Musika taldeak hogei urtean egindako lana nabarmendu nahi dute, eta "euskararen alde egindako apustu sendoa" txalotu.
"Bi hamarkada hauetan, ETSk hazten, heltzen eta finkatzen jakin izan du gero eta entzule gehiagoren artean, belaunaldi berriak horren erakusgarri bikaina ditugula", azaldu du Sabino Arana fundazioaren presidente Mireia Zaratek sariaren aurkezpenean. "Hogei urteurrenaren kariaz, Barakaldoko BECen eman beharreko hiru kontzertuetarako sarrerak ordu gutxiren buruan agortu izanak argiro erakusten digu ETSk esan nahi duen guztia".
Arabako Errioxako taldearekin beste hainbat lagun eta eragilek jasoko dute merezimendua. Emakumeen salerosketaren aurka diharduen Las Poderosas izeneko Nafarroako emakume-taldeak; Javier Iruretagoiena Jabo Irureta futbol-jokalari eta entrenatzaileak; Leopoldo Martinez abokatu eta politikari venezuelarrak; Stephane Sejourne Europako Batzordeko Oparotasuna eta Estrategia Industriala sustatzeko presidenteorde exekutiboak; Jean-Claude Larronde abokatu eta historialariak; eta Iñigo Urkullu Lehendakariak.
Datorren urtarrilaren 26an, igandearekin, banatuko dituzte sariak, Bilboko Arriaga antzokian egingo duten ekitaldian.