⛅ EGURALDIA

Egun bateko etenaldia

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 16a

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Hodeiak nagusituko dira gaur, baina bihartik aurrera eguzkia bueltan egongo da. Gauean eta goizean goiz abisu horia mantendu dute, tenperaturengatik.

Atzo ez bezala, egun hodeitsua izango dugu aurrean, bai eta goizean goizeko lainoak ere. Gau parterako, ordea, hodeiak gutxituko direlakoan dago Euskalmet. Haizeak ipar-osagaitik egingo du ufa nagusiki, baina azken orduetan hegoaldean finkatuko bide da. Hotzak segituko du, eta goizeko hamarrak arteko abisu horia emana dute, muturreko tenperatura baxuengatik: Gasteizen -2 eta 9 gradu arteko aldea espero da.

Ostiralerako egunak beste behin garbitzera egingo du, eta zerua hodei gutxirekin edo oskarbi mantenduko da. Lainorik iragarri ez duten arren, goizaldean behe-hodeiak azaldu daitezke. Hego osagaiko haize ahul-bizia iragarri dute. Tenperaturan ez da aldaketa handirik egongo, eguneko alde termikoa -1 eta 7 gradu artekoa izango baita. Abisu horia goizeko hamarrak arte ezarri dute.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago