Julene Gatzagaetxebarriak eta Sara Oregik irabazi dute Lazarraga kultur elkarteak antolatu duen Batera kultur proiektuak elkarrekin deialdia. Proiektuaren originaltasuna, euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpena eta euskal jendartean sor dezakeen interesa aintzat hartuta, biek aurkeztu duten Etengabeko (ber)eraikuntzan olerki-liburu ilustratuaren proiektua aukeratu dute.
Alde batetik, Gatzagaetxebarriak azken urteetan zehar idatzi dituen olerkien bilduma batu nahi dute liburuan, eta bestetik, Oregiren ilustrazioek lagunduta jantziko dute olerki bakoitza. "Olerkiek ez dute ildo zehatz bat jarraitzen, ortzimuga zabal bat jorratzeko asmoarekin sortuta daude: bizimodua ikusteko erak, eguneroko kronika kritikoa, pertsonen arteko harremanen eragina, adiskidetasuna, maitasuna, bizipen pertsonalak eta fikziozkoak direnak ere, lagunei opari modura eskainitakoak... ", azaldu dute.
Ekarpenak
Orain, Itsulapikoa.eus plataformaren bidez, 28 eguneko epea izango dute proiektua aurrera ateratzeko behar duten dirua batzeko eta kulturzale eta euskalzale interesatuek beren ekarpenak egin ditzaten. Proiektua garatzeko prozesuan, bestalde, Gatzagaetxebarriak eta Oregik deialdiko antolatzaileen laguntza izango dute: Izaskun Arrue Kulturgunearen eta Gauekoak programaren arduradunek marko orokorrean lagunduko die eta Itsulapikoa proiektuak, aldiz, crowdfunding kanpaina antolatzeko aholkularitza emango die. Horrez gain, proiektu honek, Laboral Kutxaren 2.000 euroko diru laguntza jasoko du.