Mexikora egiten ari diren bisitan, Arabako Foru Aldundiko ordezkariek Lankidetza Instituzionalerako Memoranduma ezartzeko akordioa egingo dute El Marques udalerriarekin. Akordio honekin lankidetza sustatu nahi dute ekonomian, talentu prestakuntzan, jasangarritasunean, eta mahastizaintza eta ardogintzan.
Ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek adierazi du "Arabako enpresek hedatzeko eta beste merkatu batzuetara sartzeko beharra" dutela, eta nazioartean hazten lagunduko diela akordio honek. "Talentua sortu eta erakartzea" ere jarri dute akordioaren helburutzat, eta horretarako prestakuntzarekin lotutako ekintza ezberdinak egingo dituzte elkarrekin, Mondragon Unibertsitatea eta antzeko erakundeen laguntzaz.
Ardoa eta gastronomia ere sustatuko dute, bi lurraldeetan baitago mahastigintza sektore garrantzitsua. Bestalde, iraunkortasuna eta jasangarritasunaren inguruko pausoak ere aurreikusi dituzte, mugikortasun jasangarriarekin lotutako proiektuak, energia eraginkortasunari dagozkionak, eta azpiegitura berdeen inplementazioa.
El Marques udalerria dagoen Queretaro estatuarekin aurretik bazegoen lotura, Eusko Jaurlaritzak 2014tik dauka memorandum bat sinatua eskualde horrekin. Gainera, aldunditik nabarmendu dute lotura historikoa dagoela El Marques eta Arabaren artean. Izan ere, Mexikoko udalerriari izena ematen dion "markesa" arabarra zen, Aiarako Juan Antonio de Urrutia y Arana.