EH Bilduk senatura eramango du Aragoi-Gasteiz goi tentsioko linea gelditzeko eskaera

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 15a

Goi tentsioko linea Araban. Argazkia: ALEA

165 kilometrorekin Aragoi, Nafarroa eta Araba gurutzatuko lituzkeen linea atzera bota zuten urrian Arabako Batzar Nagusietan, baina Espainian martxan jarraitzen du proiektuak.

Forestalia enpresak sustatuta, goi tentsioko linea bat eraiki nahi dute, Aragoitik Gasteizaino joango dena, Araban ebakuatzeko Aragoiko energia berriztagarrien zentraletan ekoiztutako energia. Horretarako, Aragoi eta Nafarroaz gain, Araba zeharkatuko luke, Asparrenetik Gasteiza.

Joan den urrian Arabako Batzar Nagusiek aho batez ezezkoa eman zioten proiektuari, sortuko lituzkeen eragin kaltegarriengatik. Orain, baina, EH Bilduk Espainiako senatura eraman nahi du "goi tentsioko autobidea" gelditzeko proposamena. Izan ere, Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministerioak aurrera egiteko baimena emana dio proiektuari.

Goi tentsioko linea eraikiko balitz, Araban ebakuatuko lukete Aragoiko zortzi parke eolikok eta bi fotovoltaikok ekoiztutakoa. 165 kilometro inguruko luzera izango luke ebakuazio lineak, eta EH Bilduren iritziz kalte konponezinak sortuko lituzke. Horregatik, izapideak bertan behera uzteko eskatuko dute.

Ekoizpen lokala lehenetsi

EH Bilduko Josu Estarrona senatariak gogorarazi du sorkuntza azpiegitura ez dagoela Arabako lurraldean, urrun baizik, eta lehentasuna eman beharko litzaiekeela gertu dauden energia sortzeko instalazioei. "Ahalik eta energia-burujabetza handiena lortzeko lan egin behar dugu, ahalik eta eremu geografikorik hurbilenean. Zentzugabekeria da ebakuazio lineak erabiltzea, garraio lineen ordez”.

Gainera, argudiatu dute Aragoitik datorren ebakuazio linea Gasteizen hustuko balitz, Gasteizko azpiestazioek ez luketela gaitasunik izango gertuago dauden bestelako proiektuei erantzunik emateko. Ingurumen kaltea ere arrazoi nagusi gisa aurkeztu du EH Bilduk, eta gogorarazi du linea honek igaro asmo dituela Asparrena, Donemiliaga, Agurain, Iruraiz-Gauna, Barrundia, Burgu, Arratzua-Ubarrundia eta Gasteiz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago