⛅ EGURALDIA

Egun dotorea aurrean

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 15a

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Gaur giro eguzkitsua errepikatuko da, baina bihar hodeiak bueltatuko dira. Egun bietan abisu horia eman dute, hotza eta izotzagatik.

Goizean goizeko laino eta lanbroekin ekingo diogu asteazkenari, baina Lorenzo aisa gailenduko da, eta egun dotorea utziko du. Arratsaldean goi hodei batzuk agertuko diren arren, egun gehiena garden egongo da. Haizeak iparraldetik egingo du ufa, aparteko indarrik gabe. Hotza, hori bai, bere horretan mantenduko da, eta 10:00ak arte abisu horia emana du Euskalmetek: hiriburuan -2 eta 9 gradu arteko alde termikoa izango dute.

Aspaldiko partez, egun hodeitsua espero da biharko. Goizeko lainoak errepikatuko dira, baina ondoren hodeitza geratuko da. Gauera arte mantenduko dira horiek, ordurako desagertzen hasiko direlarik. Norabide aldakorreko haize ahula egongo da, ipar osagaiak toki handia izango duelarik. Abisu hori berdina errepikatu dute, goizeko hamarrak artekoa. Termometroan, galinstanoa -1 eta 7 gradu artean mugituko da.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago