Adinekoentzako eta adimen desgaitasuna duten pertsonentzako foru egoitzek protokolo espezifiko berri bat izango dute urtarriletik aurrera, kalteberatasun psikiko eta kognitiboa duten pertsonak zaintzean langileei egiten zaizkien erasoak saihesteko, eta haien aurrean jarduteko. Gorka Urtaranek GOFEren egoitza eta eguneko arretarako zentroetan jarduteko prozedura berria aurkeztu du gaur goizean Arabako Batzar Nagusietako arloko batzordean.
Protokolo berri horretan jasota dago portaera oldarkorraren arriskuaren hasierako eta etengabeko ebaluazioa eginen dela. Halaber, egoitzara sartu baino lehen, erabiltzailearen inguruko informazioa bilduko dute foru zerbitzuek, eta berariazko eskala eta tresnak erabiliko dira portaera oldarkorraren arriskua baloratzeko.
Protokoloa ezartzearekin batera, zuzeneko arretako langileentzako berariazko prestakuntza eta sentsibilizazio plan bat ere gauzatuko da. Protokoloak jarduteko gida bat ezartzen du, profesional guztiek behar bezala identifikatu, prebenitu eta maneiatu ahal izan ditzaten arriskuko egoerak, eta tartean dauden pertsona guztien segurtasuna eta ongizatea berma daitezen. Horrekin, langileen aurkako erasoen eragina murriztu nahi da, haien segurtasuna eta ongizatea sustatzeko neurriak ezarriz, bai eta eragindako kaltearen intentsitatea ere, kalte egitea saihestezina denean.
"Ez dira nahita oldartzen"
Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak azaldu duenez, diputazioaren zentroetan jasotzen diren laneko erasoen zati handi bat defizit edo narriadura intelektual edo kognitiboa duten pertsonekin edo gaixotasun mentalen sintomak dituzten lagunekin lotuta dago. "Erabiltzaile horiek ez dira nahita oldartzen, oldarraldi hori azaleratzen da dauzkaten mugei erantzuteko edo muga horiek adierazteko alferrikako modu gisa, zer egiten duten ulertzeko edo beren egintzak kontrolatzeko", azaldu du Urtaranek.
Portaera oldarkorra gainbehera kognitiboa duten pertsonen %70ek pairatzen duela azaldu dute Gizarte Ongizateko foru zerbitzuek. Gaixotasunaren etapa ertain eta larrietan eragin handiagoa du, nahiz eta aldeak dauden dementzia motaren arabera. Hala, prebalentzia %30etik %50era bitartekoa da Alzheimerraren gaixotasunean, %40koa dementzia frontotenporalean eta dementzia baskularrean, eta %30ekoa Lewyren gorputzak dituzten dementzietan.
Era berean, adimen desgaitasuna eta neurogarapen nahasmenduak dituzten pertsona askok portaera desafiatzaileak dituzte, bereziki komunikazio arazo larrienak dituzten kasuetan. Hainbat azterlanen arabera, portaera oldarkor desafiatzaileak %10 eta %18 arteko prebalentzia du adimen desgaitasuna duten helduen artean, eta %85era iristen da desgaitasun larri eta anizkoitzen egoitza zentroen erabiltzaileen artean.
Horregatik, protokoloa abian jartzearen helburua da zaintza ingurunea indartzea, egoera horiei aurre egiteko langileak behar bezala prestatuta daudela ziurtatzea, eta pertsona bakoitzaren garapenerako ingurune segurua, errespetuzkoa eta egokia bermatzea. Senideak eta zaintzaileak ere tartean sartzen ditu protokoloak, komunikazio eta prebentzio estrategiei buruzko orientazioa emanez eta artatutako pertsonaren ongizaterako lankidetza eraginkorra sustatuz.