Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Amaia Ortiz biologoaren ibilbidea aitortu eta elkarteko bazkide izendatu du, "landare osasunaren alorrean egindako ekarpenagatik". Neikerrek zabaldutako ohar batean azaldu dutenez, Ortizek nekazaritza ikerkuntzan egindako ekarpena eskertu nahi izan dute Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko arduradunek, bereziki patata eta azukre erremolatxa bezalako laborantza estentsiboen osasunaren arloan egindako ekarpenengatik.
Izendapen ekitaldian, Ortizek Patata Araban: haren historiari eta idatzita ez dagoenari buruzko gainbegirada izeneko hitzaldia eman du. Bertan, patataren bilakaera historikoa eta zientifikoa aztertu du, eta Jose Buesa Iturrietako patata hobetzeko etxaldeko ingeniari agronomoa omendu nahi izan du. Ortizek hainbat adituren lankidetza izan du hitzaldia prestatzeko, besteak beste, Javier Pascualena eta Roberto Ruiz de Infante.
Ortizek Biologiako prestakuntza du eta doktoretza Euskal Herriko Unibertsitatean egin zuen. Neikerreko ibilbidea 1989an hasi zuen, patataren bakterio gaixotasunak ikertzen, eta doktore tesia azukre erremolatxaren patologia birikoen inguruan ardaztu zuen. Neikerren dio Ortizen lana "funtsezkoa" izan dela laboreen kontrol fitosanitariorako, eta landare osasunaren arloan ezagutza zientifikoa sortzen lagundu du.
Ortizek ikerketa eta irakaskuntza uztartu ditu, eta hemezortzi urtez Nafarroako Unibertsitate Publikoan Landare Osasunaren arloan eskolak eman ditu. Proiektu ugaritan parte hartu du, eta nekazaritza erabilera eta elikagai segurtasuneko sistemetan erabakiak hartzeko tresnak garatzen lagundu du. Zientzia arloko 50 artikulutik gora argitaratu ditu, eta nazioarteko lau patenteren egilekidea da.