Peligro. No asomarse dokumentala aurkeztu berri dute abenduan Mendi Film jaialdian, Bizkaian; eta aurki Euskal Herri osoan ikusgai izango da Mendi Tour zikloari esker. Daniel Cascalesek zuzendu duen dokumentalak 48 minutuko iraupena du, eta Oreka Tolosa eta Skyline Pays Basque taldeko highliner taldearen erronka jaso du, Nerbioiko ur jauzian: nola den gurutzatzea, soka baten gainean, alde batetik bestera, Arabatik Burgosera, 860 metroko ibilbidea, 200 metrotik gorako eroriko baten gainean.
Mendi Film Bekaren proiektu irabazlea izan zen 2023ko Mendi Film jaialdian Highline Nervion proiektua, eta Dani Cascales zuzendari andaluziarra aritu da Oreka Tolosa eta Skyline Pays Basque taldeak elkarlanean burututako jardueraren pelikula egiten. Grabazioa azaroan egin zuten, eta astebetez luzatu zen, baina aurretik lan handia egin behar izan zuen dokumentalaren ekipoak babestutako eremu horretan grabazio baimenak lortzeko, eta hara iritsitakoan, lerroa muntatzeko eta dena prestatzeko.
"Highlinerrek arnes bat daramate soka bati lotuta, eta soka hori, uztai baten bidez, kirolaria oinez doan lerroari lotzen zaio", azaldu du dokumentalaren zuzendariak. Guztira, sei pertsonak lortu zuten helburua. Izan ere, "ez zitzaien utzi gurutzatzen nahi zuten guztiei, distantzia luzea zelako eta batzuek lauzpabost ordu behar izan zituztelako. Hori egin zutenak profesionalak izan ziren, linearen gainean ordubete inguru egon zirenak kontrako muturrera iristeko ". 50 eta 300 metro arteko lerroetan ibiltzera ohituta daude kirolariak, eta lehen aldia izan dute ia kilometro bateko luzeran. Gainera, lehenbiziko aldia izan da Nerbioiko arroilaren gainean lerro bat jarri eta gurutzatu dutela.