Carmelo Ortiz de Elgea margolaria hil da

Erredakzioa 2025ko urt. 12a, 10:40

80 urterekin zendu da Carmelo Ortiz de Elgea. Argazkia. EITB

Paisaia pintura birsortzeagatik da erreferente, eta, besteak beste, Orain taldean parte hartu zuen.

Carmelo Ortiz de Elgea margolaria hil da, bere alaba Dorletak sare sozialetan jakinarazi duenez. Gasteizen jaioa, 1944an, haurra zela hasi zen margotzen, autodidakta. Eta 16 urte zituela egin zuen lehen erakusketa. Haren paisaia berezi eta obra koloretsuagatik egin zen ezaguna.

Bilboko Arte Ederren Museoak atzera begirako bat eskaini zion 20016an, eta bertan Ortiz de Elgea baliabide tekniko tradizionalen artista gisa definitu zuten; kolorerako eta marrazteko eta pintzelkadak askatasunez emateko zuen gaitasunari esker, aukera estilistiko ugari garatu ahal izan zituela nabarmendu zuten.

Margolariaren haurtzaroa eta gaztaroa Gasteizko Aretxabaletan igaro zuen, landa ingurunean eta naturarekin harreman zuzenean. Eta bere lehenengo lanek zuzenean eta modu adierazkorrean islatzen dituzte inguruko paisaiak. Izan ere, bere burua paisaien pintore gisa definitu zuen.

1950eko hamarkadan, Madrilgo Eskolako paisajismo espresionistak eragin zion lehenik, eta, handik gutxira, Tapiesen informalismoak. 1966an abangoardiako artisten Orain taldearen sortzaileetako bat izan zen –Juan Mieg, Joaquin Fraile eta Alberto Schommerrekin batera–, eta bere obra pop art-aren eremuan sartu zen aldi batez. Etapa horren ondoren, kolore distiratsuko figurazio bat landu zuen, non pertsonaiak elkarrekin nahasten diren erreferentziarik gabeko espazio batean.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago