Eskaintza handiagoarekin bueltatuko da aurten Klaustro Sounds zikloa. Bederatzi kontzertu izango dira Montehermoso kulturuneko klaustroan; denak 19:00etan. "Agertoki aparta da, publikoari soinu-bidaia paregabea eskainiko diona, espazio berezi honetarako bereziki antolatutako proposamen musikalen bidez", azaldu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak.
Urtarrilaren 26tik azaroaren 23ra bitarte egingo dira musika-formatu konbentzionalak beste formatu berritzaileago eta esperimentalagoekin bateratzen dituzten emanaldi horiek. "Hala, artistaren, espazioaren eta publikoaren arteko zuzeneko lotura bermatuko duen giro paregabea sortuko da". Gainera, aurten, proposamenak "toki-izaera argia izango du, Gasteizko, Arabako eta Euskadiko bandak eta solistak bilduko baititu", zinegotziak nabarmendu duenez.
Urtarrilaren 26an Black Duck & Elena Setienek emango diote hasiera zikloari. Otsailaren 16an Eneritz Furyakek bere album berria, HHH, aurkeztuko du. Martxoaren 16an Adrian Royo izango da Aventura lanarekin. Martxoaren 30ean Amorante & Adriano Galante izango dira Gasteizko muinoan, Ante proiektuarekin. Apirilaren 13an Lofácil gerturatuko da zuzeneko lanarekin: Umbrales. Maiatzaren 18an Bea Asurmendi, debut diskoarekin: Asteartea. Eta maiatzaren 25an Javi Free eta bere azken soinu-abentura, Kyoko. Ikasturte berriarekin batera, beste bi emanaldi izango dira; irailaren 28an Lohi Ensemble, eta azaroaren 23an Libe.