Oso kritiko agertu da Arabako Batzar Nagusietan Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren saileko foru diputatua zenbait enpresak berriztagarrien zabalpenaren inguruan eragin duten "alarmismoa" dela eta. Zaratek azaldu du benetakoa ez den informazioa eman dutela, jakin gabe proiektuak aurrera aterako diren, eta herritarren artean "alarmismo basatia" sortzen ari direla nabarmendu du.
"Araba plakaz beteta dagoela dirudi oraindik proiekturik onartu ez denean. Mundu guztia, horren berri izan gabe edo eduki gabe, energia berriztagarrien aurka dago", deitoratu egin du. Diputatuaren esanetan, "izugarria" da Arabako herritarren artean piztu den kezka, eta horren atzean enpresa batzuen komunikazio politika dagoela esan du. "Araban dagoen alarmismoa ez da inon gertatzen. Izugarria da enpresa jakin batzuen komunikazio politikak Araban egin duen kalte handia; hemengoak ez direlako, hemen nola funtzionatzen dugun ez dakitelako edo kea eta itxaropenak saldu nahi dituztelako", esan du.
"Berriztagarriak egon behar dira"
Hala ere, energia berriztagarrien zabalpena ezinbestekotzat jo du Zaratek, herrialdearen etorkizun ekonomikoa eta soziala bermatzeko, baina azpimarratu du proiektu horiek guztiak gizarte, hirigintza eta ingurumen baldintza tekniko guztiak bermatu behar dituztela, eta nekazaritza balio handiko lurzoruak errespetatuz egin behar direla. "Lurralde liderra gara bai garapen industrialean bai ingurumen garapenean, –azaldu du Zaratek–, eta horrela izaten jarraitu behar du. Lurraldearen garapen ekonomikoa eta soziala bermatuko duen berriztagarrien proiektuak atera behar dira".
"Pertsona batzuk gaizki pasatzen ari dira gai honekin beren lana horren mende dagoelako"
Gauzak horrela, diputazioaren komunikazio politika zorroztasunean eta egiazkotasunean oinarrituta egongo dela ziurtatu du Zaratek. "Ezin da esan Araban hogeita piko proiektu egongo direnik prozedura hasi ere egin ez denean. Hori lotsagarria da, eta herritarrak errespetatu behar ditugu; pertsona batzuk gaizki pasatzen ari dira gai honekin beren lana horren mende dagoelako". Ildo horretan, dei egin die batzar nagusietako talde politiko guztiei arduraz jokatzeko, eta "populismoa" alde batera uzteko.
Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Batzordean agerraldia egin du Zaratek, PPk eskatu ziolako berriztagarrien zabalpenaren inguruan bere sailaren komunikazio politika azaltzeko. Diputatuak argitu du ez duela arazorik proiektuak zein egoeratan dauden jakinarazteko, baina ez duela "asmakizunetan oinarritutako" komunikazio politikarik egin nahi, kezka besterik ez lukeelako sortuko. "Gertakariei lotzen natzaie", esan du; eta ziurtatu du udalek, administrazio batzarrek eta herritarrek energia berriztagarrien proiektuen inguruan eskatu duten informazioa ematen ari dela.