Mexikon "talentua" lortu eta ardoa saldu nahi du Arabak

Erredakzioa 2025ko urt. 10a, 12:14

Mexikoko hiriburua eta Queretaro estatua —irudian— bisitatuko dituzte. Argazkia: COMMONS

Ipar Amerikako herrialdea bisitatuko du datorren astean Ramiro Gonzalez buru izango duen ordezkaritza batek. Bertan Arabako Errioxako ardoaren kontsumoa %63 hazi da. 

Mexikora bisita instituzionala egingo du datorren astean Arabako Aldundiko ordezkaritza batek, "talentu industrialaren eta Arabako Errioxako ardoentzako aukeren bila", erakundeak gaur ezagutarazi duenez. 

Ordezkaritzak Ramiro Gonzalez diputatu nagusia izango du buru, eta harekin batera egongo dira, besteak beste, Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun diputatu Saray Zarate eta Nekazaritza diputatu Noemi Agirre. Azken hiru urteetan merkataritza misioak "ugaritu" egin direla dio aldundiak, eta datorren asteko bisitaldia horren jarraipena izango dela aurreratu du. 

Aldundiaren hitzetan, "misio ekonomiko" honek bi helburu nagusi ditu: Amerikako "talentua erakartzea" eta Arabako Errioxako ardoentzako merkatua zabaltzea. 

Astelehenean hasi eta ostegunera arte luzatuko den bisitak "topaketen agenda trinko bat" izango duela aurreratu dute. Tartean, Lanbide Heziketako ikastetxeak eta Mondragon Unibertsitatearen bertako egoitza bisitatuko dituzte. Bide beretik, "Amerikako talentua Arabako lan-merkatuan sartzea ahalbidetuko duten akordioak" sinatu nahi dituzte. Besteak beste, bisitan, Queretaroko El Marques udalerrian Lankidetza Instituzionalerako Memorandum bat sinatuko dute.

Ardoaren merkatuari dagokionez, Munduko beste leku gehienetan ez bezala, herrialde horretan ardoaren kontsumoa "modu esponentzialean" hazten ari da. Aldundiak dio bertan egiten den Arabako Errioxako ardoaren kontsumoa %63 hazi dela Mexikon. EAE mailako datuei erreparatuta, 2023an 1,2 milioi litro baino gehiago saldu ziren herrialdean, eta joera horri eutsi nahi diote.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago