Ostiraletik aurrera Elkarrekin abesten zikloaren bigarren edizioari ekingo diote Gasteizen. Astean behin egingo dituzte kontzertuak, aste honetan hasi eta otsailaren 14ra arte. Emanaldi guztiak 19:30ean izango dira, Vital Fundazioa Kulturunean —Bakea kalea 5, Dendaraba— eta sarrera doakoa izango da
Ostiral honetan Enol eta Kataliturri abesbatzak ariko dira oholtza gainean. Urtarrilak 17 dituenean, berriz, Florida eta Haritz Hostoa abesbatzen txanda izango da. Otsailaren 7an, berriz, Dultzinea eta Izartza abesbatza ariko dira. Azken emanaldia otsailaren 14an egingo dute, Urkanta eta Tantak egongo direlarik.
Iaz sortu zen ekimena, Vital Fundazioaren eta Arabako Abesbatzen Federazioaren elkarlanean abiatuta "Arabako abesbatzak bultzatzea eta babestea" helburu. "Askotan, gure lurraldeko abesbatzek zailtasunak izaten dituzte entsegu lokalak eta kantatzeko espazioak aurkitzeko", adierazi du fundazioak ohar batean. Egoera hori arindu nahian, ekimenak "beharrezko topagune bat" eskaintzen duela erantsi du. "Abesbatzek beren talentua erakutsi, esperientziak partekatu eta gure hiriko abesbatzen arloa aberasteko aukera izan" dezatela nahi dutela diote. Hori ez ezik, "proiektuak, gainera, lankidetza, ezagutzen trukea eta parte hartzen duten taldeen arteko batasuna sustatzen ditu"