Eskolara itzultzeko egunarekin bat eginez, gaurtik aurrera doakoa izango da Arabako hamabi urtetik beherako haurrentzat lurraldeko garraio publiko guztietan bidaiatzea. Gasteizko autobus urbanoetan, Tuvisan, 2022. urte amaieran hartu zuten antzeko neurria, eta orain gainerako zerbitzuak batu dira doakotasunera.
Doan bidaiatu nahi duten haurrek BAT txartel pertsonalizatua izan beharko dute eskura, eta eskatzekotan NANa ere aurkeztu beharko dute, nortasuna egiaztatzeko. Gasteizko tranbian hilabeteko epea eman dute BAT txartel pertsonalizatua lortzeko, eta urtarrilean zehar NANa edo familia liburua erakustea nahikoa izango da doan bidaiatzeko.
BAT txartel pertsonalizatua eskuratzeko, Euskotrenen informazio bulegora joan beharra dago, Antso Jakituna kaleko 9. zenbakian, Gasteizen. NANa eta haurraren argazkia eramatea beharrezkoa da, eta legezko tutoreekin joan beharko da. Astelehenetik ostiralera 8:00etatik 19:30era egongo da zabalik bulegoa, eta iragarri dute arreta zerbitzuan langile gehiago arituko direla gaurtik aurrera, espero den eskaeren igoerari eusteko.
Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren saileko diputatu Jon Nogalesek iragarri zuen neurria joan den urrian, eta EAEko gainerako administrazioekin elkarlanean hartuko zela adierazi zuen. Bizkaia eta Gipuzkoan ez da oraindik ezarri hamabi urtetik beherakoentzako doakotasuna, baina neurria datozen asteetan hartzea espero da.
Deskontu progresiboak Arabako garraioan
Deskontu progresiboen sistemak jarraitu egingo du Araban. BAT txartel pertsonalizatua behar da deskontuak izateko, eta hazi egingo da Alavabusen eta Eskualdeko Garraioen prezioan jasotzen den hobaria. Ohiko bidaiariak saritzen ditu sistemak, eta hilean egindako bidaia kopuruaren arabera deskontu handiagoa jasoko dute erabiltzaileek. Hilean 1-20 bidaia eginez gero, %40ko deskontua; 21-50 bidaia artean, % 48koa; eta %56ko deskontua jasoko dute hilean 51 bidaiatik gora egiten dituztenek.