Barne gogoeta prozesu "luze eta emankor baten ostean", Arabako ALEA Komunikazio Taldeak Elon Musken X sare soziala utzi eta AleaFans izeneko sare sozial propioa martxan jarri du.
Komunikatu batean, taldeak "burujabetza teknologikoaren bidean" egindako sare sozialekiko "prozesu deseraikitzaile" baten baitan kokatu du bere estrategia berria. X utzita ere, gainerako sareetan "bere ekarpena egiten" jarraituko du ALEAk, Ibai Lautadas kudeatzaile izendatu berriak iragarritakoaren arabera. Hala, gainerako hedabide gehienek egiten duten modu berean, ALEAk Instagram, Facebook, Whatsapp, Telegram, TikTok, Threads, Mastodon, Bluesky eta Youtuben aritzen segiko du, eta etorkizunean ez du alboratzen sare gehiagotan aritzea; bestak beste, Twitch, Discord, Snapchat, Pinterest, Flickr, Vimeo, Dailymotion, LinkedIn, Tinder eta Grindr bezalakoetan.
Halere, Lautadasek argi utzi nahi izan du hemendik aurrerako indar gehienak AleaFansen jarriko dituztela. "Jendea gurera erakarri nahi dugu, noski, eta horretarako beharrezkoak izango diren bide guztiak urratzeko prest gaude", adierazi du kudeatzaileak.
Momentuz, komunikazio holding arabarrak ez du argitu sare berrian zehazki zer erakutsiko duen, baina aurreratu du "ausardiarako garaia iritsi" dela, eta "nahikoa" dela "modernitoz [sic] mozorrotutako neopuritanismo honetan bizitzeaz".
Lautadasek aurreratu du hedabidearen hamargarren urteurrenaren bueltan informazioa helarazteko formula berrien bila jarraitzeko "konpromiso irmoaren" erakusle dela labur.eus/aleafans helbidean martxan jarritako tresna berria. "Gertuko kazetaritza egiten jarraitu nahi dugu. Eta, gertukoa diogunean, gertukoa esaten ari gara", nabarmendu du.
Ohi bezala, edukiak libre ematen jarraituko dute, baina ALEAkideek abantaila berriak izango dituzte. Kasurako, informazio meteorologikoa jasotzerakoan. "Arabako Errioxatik eguraldiaren iragarpena egiten duen lankidea prest azaldu da mapa meteorologiko baten aurrean agertu eta urte hauetan guztietan pilatutako ezagutza eta xarma guztia ALEAkide bakar batzuekin partekatzeko", iragarri du Lautadasek.
Alabaina, azken detaileak adosten ari dira uneotan. "Outfit egokia zehazteko prozesuan ari gara, denbora gehiena telelanean ematen duten erredaktoreek egun osoa txandalean emateko arrisku nabarmena dutelako", azaldu du kudeatzaileak. "Haiek ez dira konturatzen, baina erredakzio bileraren zooma egiten dugunean igartzen zaie bezperako txandal berdina jantzita daukatela", onartu du Lautadasek. "Buelta bat eman beharko diogu horri".