Zabaldu dute jadanik HIGA, hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketan izen emateko epea. Bi urtez behin egiten den ekimen honek Gasteiz izango du egoitza, beste behin ere, eta 2025eko uztailaren 14tik 18ra bitartean ospatuko da Arabako campusean. Urtarrilaren 10a arte egongo da izen emateko aukera.
HIGA hizkuntza gutxituetako hiztun gazteentzako nazioarteko topaketa da, eta lau edizio izan ditu jadanik. Topaketaren helburua da hizkuntza horiek biziberritzean laguntzea, eta mundu mailako hizkuntza komunitate ezberdinen arteko elkarlana sustatzea. Parte hartzen duten gazteak trebatu ahal izango dira hizkuntzen biziberritzeko aktibismoan, esperientziak partekatuz eta besteen errealitateetatik ikasiz. Iazko edizioan 65 hizkuntza ezberdinetako partaideak izan ziren Arabako hiriburuan, beren hizkuntzek dituzten erronkak elkarlanean jorratuz.
Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskainiko dira hitzaldi eta tailerrak, interprete profesionalez lagunduta, eta jarduerak zabalik egongo dira hurbildu nahi dutenentzako. Gasteizko Udaleko Gazteria saileko zinegotziak, Ana Lopez de Uraldek, komunitateen arteko elkartasuna goraipatu du. Adierazi duenez, gazteak dira, "globalizazio garai hauetan", hizkuntza gutxituen biziraupena bermatzeko erronkari erantzuteko talde sozial garrantzitsua. Bere hitzetan, topaketa "baliagarria izango da beren hizkuntzak partekatu eta indartzeko".