Xabier Montoia

"Ez da aldatu lagun hurkoa menperatzeko behar absurdo hori"

Ruben Sanchez 2024ko abe. 26a, 08:00

Xabier Montoia idazlea. Argazkia: Idoia Unzurrunzaga

1955ean Gasteizen jaioa, musikan (Hertzainak, M-ak eta bakarka) eta literaturan (poesia eta narratiban) ibilbide luze eta oparoa osatu du Xabier Montoiak, 70-80 urteetan punk talde bat osatzeko euskara ikasi zuenetik: "Euskara ikastea lortu nuen; nahi nuen taldea ez, ordea".

Urtetan Lapurdin bizi izan eta gero, jubilaturik, Gipuzkoako herri batean du egun bizilekua. Elkarrizketa hau osatzeko email trukaketa bat egin dugu, Juan Diaz de Garaio Sacamantecasi buruzko Lautadako mamua bere azken nobela laburra hizpide harturik.

Nondik nora sortu zitzaizun 'Sacamantecas'-i buruz idazteko nahia?

Hona hemen liburuaren azken paragrafoa: "Juan Diaz de Garaio ergel morala edo ero alaena izan ote zen jakin gabe ere, arabarren memorian geratu zen harrezkero. Belaunaldiz belaunaldi amek erabili zuten seme-alabak beldurtzeko: Ona ez bazara, Garaio etorri eta eraman egingo zaitu." Gure amak ere horixe esaten zigun eta, hortaz gogoratuta, Garaio hori nor ote zen jakin nahi izan nuen eta interneten begiratu, hartaz irakurri eta nobela idazteko gogoa piztu zidan nire ikerketatxo horrek.

Nola dokumentatu zara pertsonaiari buruz eta garaia eta inguruari buruz?

Garai hartako kronika bakanak irakurri nituen, orduko prentsa eta Garaiori buruz aurkitu nuen guztia. Garaiari buruz ere irakurri nuen, esate baterako, Somorrostroko meategiei buruz edo Arabako nekazarien ohiturei buruz.

Bai, hor lanketa handia ikusten da, elizaren presentzia gizartean, etxe-moduak, jatorduak, batetik besterako ibilerak... Nobela beste bizi erritmo batean murgiltzen da. Bertigoa eman dizu beste sasoi bati buruz idazteak?

Ez. Duela urte asko Gerla Handian, Bigarren Mundu Gerran eta Aljeriaren askapen gerlan girotutako trilogia bat idatzi nuen, horietan ageri diren leku gehienetan sekula egon gabe. Oraingo honetan nobelan agertzen diren leku guztiak ezagutzen ditut, behintzat, nahiz eta ni jaio baino ehun urte lehenago girotuta egon. Jakina, horrek dokumentazio lan handi samarra eginarazi dit, baina asko ikasi dut horri esker, bai Arabaz, baita sasoi hartaz ere.

Bestalde, idatzi duzun fikzioa nahiko objektiboa da, ez da murgiltzen jakiterik ez duzun hainbat alderditan, baina noraino utzi diozu hegan egiten pertsonaiari 'Lautadako mamua'-n?

Gauza asko irakurritako kronika eta albisteetan ageri da eta saiatu naiz horiek (sinesgarriak iruditu zitzaizkidanak, bederen) nobelan atxikitzen. Beste zati batzuk (Garaiok Somorrostron emandako aldia, adibidez) nire baitatik sortuak dira guztiz.

Ezagun da Garaio 'Sacamantecas' hil aurretik eta ondoren hainbat mediku eta bestek aztertu zutela eroa ote zen, "normala" ote zen, zitala... Egia al da irakurtzen ikasi zuela heriotzaren zain zegoen bitartean?

Ez dakit benetan hala izan ote zen, baina hala ageri da orduko kronika eta testuetan, nik hori jaso baino ez dut egin.

Bestalde, Garaio serie-hiltzailea izaki, dokumentatu zara antzeko beste kasuekin?

Nik dakidala Garaiorena da garai hartako kasu bakarra, beharbada horregatik izan zuen hain oihartzun handia, bai gurean, baita hemendik kanpo ere. Begiratu nuen arren, ez nuen antzekorik aurkitu.

"Edozein istoriori ekin baino lehen, luzaz hausnartu behar da zein taxu eman, zergatik eta zertarako"

Antzekoa da 'Jack the Ripper', Londreskoa, eta goitizena bera ere 'Sacamantecas'-en oso antzekoa, hamarkada batzuk ondorengoa. Zer da Garaio zure ustez, psikopata bat?

Ez naiz psikiatra edo psikoanalista eta, beraz, ezin haren diagnostikorik egin. Hark egin omen zituenak kontatu ditut, irakurleak hura zer izan zen erabaki dezan.

Txoriekin badu harreman goxo-edo bat...

Bai, nobelan behintzat hala da, ez baitut uste gizonik ankerrena ere hori baino ez denik, hau da, inor ez da erabat ona edo gaiztoa, nire ustez.

Egin zituenak edo omen zituenak, izan ere, nobelak egoki adierazten duen gauzetako bat da pertsonaien klasea eta generoa, bai biktimena bai Juan Diaz de  Garaio eta bere modukoena, eta, jakina, bortxaketak batetik eta tortura bestetik...

Beharbada, gauza batzuk ez dira hainbeste aldatu, edo moldatu dira?

Funtsean, ezer gutxi aldatu da, ia dena, itxuraz behintzat, aldatu arren. Lagun hurkoa baino gehiago izateko grina ergel hori izan da aldatu ez dena, nire aburuz, lagun hurkoa menperatzeko behar absurdo hori. Horretarako tortura edo beste edozein izugarrikeria erabili behar bada, erabili egiten da eta kito, dela emakumeen aurka edo dela deus ez daukatenen aurka.

Bestalde, nola egiten zaio aurre gure kulturaren pertsonaia bat biziberritzeari pertsonai horrek hainbat emakume hil dituenean?

Ahal den moduan eta zalantza handiekin maiz. Hori izan da, agian, nobela idaztean izan dudan zailtasun handienetariko bat. Espero dut asmatu izana.

Montoiaren nobelaren azaleko irudia. Argazkia: Elkar

Batzuetan euskara ageri da pertsonaia batzuen berezko hizkuntza gisa. XIX. mendean kokatua eta 'Sacamentecas' Egilazkoa izaki, euskaraz ere egin ahal zuen?

Ez dut uste euskaraz egiten zuenik, baina Lautadako mamua nobela bat da, fikzioa, beraz, eta horrek edozer onartzen du, modu koherente eta sinesgarrian eginez gero. Espero dut nik hala egin izana.

Esan duzu umetan beldurtzeko mehatxutzat erabiltzen zutela 'Sacamantecas', amesgaiztoetan ageri ohi zen. Nobelarekin buru-belarri zinela agertu ahal zaizu?

Zorionez ez zait agertu, lo egon naizen bitartean, behintzat. Bestela bai, baina beti egun argiz, nobela nola idatzi erabakitzen ari nintzenean bereziki.

Nobela nola idatzi erabakitzen ari zinela agertu zitzaizularik tentuz ibiltzeko iradoki dizu? Zerekin tentuz?

Bai, horixe iradoki zidan, baina, horrek baino lehen, eskarmentuak adierazi zidan tentu handiz ibiltzeko. Edozein istoriori ekin baino lehen, luzaz hausnartu behar da zein taxu eman, zergatik eta zertarako. Nork kontatuko duen eta nola erabaki beharra dago. Hasieratik ohartu nintzen psikologismoa ez zela bide egokiena (hastio ditut kontalari sarkinak) eta kanpotik, tarte bat utzita kontatzea hobetsi nuen, nobelaren eta irakurleen mesederako. Hala, irakurleak badu zer pentsatu erabakitzeko askatasun osoa, nire ustez, ni tartean sartu gabe. Hala kontatzea egungo zuzentasun politiko-moralaren arriskuari iskin egiteko modua ere iruditu zitzaidan, gainera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago