Okupazioaren kriminalizazioa salatzeko elkarretaratzea egin dute Gasteizen

Erredakzioa 2024ko abenduaren 19a

Jaurlaritza aurrean egin dute protesta EHko hainbat kolektibok. Argazkia: Defentsa Komunitatea

Espainiako Kongresuan okupazioaren aurkako legea bozkatzekotan denean, Euskal Herriko hainbat gaztetxe eta gazte asanbladak elkarretaratzea egin dute Jaurlaritza aurrean.

Asteazken arratsaldean dozenaka lagun bildu dira Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, okupazioaren aurkako lege berria salatzeko, eta oro har okupazioaren kriminalizazioaren aurka. Izan ere, ostegunean Espainiako Kongresuan bozkatzekoa da, berriz ere, etxegabetzeak azkartzea ekarriko lukeen legea.

Bozketa horren harira, Euskal Herriko hainbat gaztetxe eta gazte asanbladak bat egin dute mobilizazioan, 50etik gora eragilek, okupazioa babesteko asmoz. Arabako kolektibo ugarik ere agertu dira salaketaren alde; Abetxukoko Gazte Asanblada, Aramaixo Tropikaleko G. A., Arkillos 10, Gasteiz, Laudio eta Legutioko gaztetxeak eta Siberia Gazte Asanblada, esaterako.

Ohartarazi dutenez, okupazioa epaiketa bizkorraren bidez epaitzea onartzekotan, "desalojoak bizkortzea" ekarriko luke. "Klase jebedunak baliabide gehiago izango ditu bere laugarren, hamargarren edo berrogeigarren etxebizitzak berreskuratzeko", adierazi dute, eta gaitzetsi dute "klase desjabetuak aukera galduko duela" etxebizitza eskubidea asetzeko, zein antolakuntza espazioetara sarbidea izateko. Faxismoak okupazioaz sortutako "figura estigmatizatua" ere salatu dute elkarretaratzean.

Berriz ere Kongresura bozketa

Etxegabetzeak azkartzeko legea berriz bozkatuko da Espainiako Kongresuan, PPk senatuan betoa jarri ostean. Azaroaren 14an onartu zuten diputatuek lehen aldiz, ezohiko boz batuketan. EAJ alderdiak emendakin baten bidez aurkeztutako neurriaren alde egin zuten, Kongresuan, PP, UPN, CC, ERC eta Junts alderdiek. EH Bilduk ere alde bozkatu zuen, nahiz eta gerora argudiatu "hutsegite" bat izan zela aldeko boza.

Berriz bozkatzeko aukera izango dute, ostegun honetan bertan itzuliko baita legea Espainiako Kongresura, senatutik bueltan. "LECrim" arau sortako 795.1 artikulua aldatzean datza, bizilekua usurpatu eta bizilekua bortxatzeko delituak azkar tramitatu daitezen, prozedura laburtua ezarrita. Salatu dutenez, honek praktikan etxegabetze aginduak azkartzea ekarriko luke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago