Akordio gazi-gozoa lortu dute Arabako okindegien sektorean

Erredakzioa 2024ko abenduaren 18a

La Vitoriana katearen okindegi batean urte hasieran egindako protesta. Argazkia: ESK

CCOO sindikatuak sinatu du patronalarekin, bakarka, 2027ra arte iraungo duen hitzarmena. ELA eta ESK sindikatuek txartzat eman dute akordioa, eros ahalmena galtzea dakarrela argudiatuta, eta patronalaren "mesedetara" jokatzea leporatu diote CCOOri.

Astelehenean Arabako okindegien sektorean hitzarmen berria adostu zuten SEA patronalak eta CCOO sindikatuak. 2017tik iraungita zegoen sektoreko hitzarmena, eta orain adostutakoa 2027ra arte egongo da indarrean. %21eko soldata igoera metatua aurreikusten du akordioak, 2025etik aurrera, eta %28,5a artekoa hitzarmena bukatu arte, beste neurri batzuen artean.

Sektoreko langileek urteak daramatzate hitzarmen berria eskatzen, eta behin sinatuta, Arabako okindegietako langile guztiei eragingo die neurriak, batez ere hitzarmen sektoriala baino lan-hitzarmen kaxkarragoak dituzten enpresetan. Okindegien sektoreak barne hartzen ditu ogia ekoizten dutenak, saltzen dutenak, zein banatzen dutenak.

Akordio berriari kritikak

ELA eta ESK sindikatuek kritikatu egin dute CCOOk patronalarekin egindako akordioa. Ohartarazi dute adostutako soldata igoerek ez dutela KPIaren igoera bermatzen, eta langileek eros ahalmena galduko dutela ondorioz. Sektorearen gutxieneko soldata urteko 18.350 euroan utzi izana salatu dute, haiek eskatzen zituzten 24.500€en aldean.

Bestalde, gaitzetsi dute patronalak eta CCOOk "kasurik egin ez izana" kostu ekonomiko handirik ez dakarten hobekuntza sozialei, izan errelebo kontratuak hobetzea, lan orduetan batzarrak egiteko eskubidea, eszedentziak hobetzea, edo segurtasun eta osasun arloko aurrerapenak. Sektoreko lan baldintzak 2027ra arte "hipotekatu" izana leporatu diete biei.

Ez hori bakarrik, CCOO sindikatuari egotzi diote "SEAren mesedetara" egotea, eta adierazi dute CCOOk, sektorean ordezkaritzaren gehiengoa izanda, galarazi egin diela lan baldintzak antolatu eta hobetzeko aukera, eta langileen iritzia kontuan hartu gabe adostu duela patronalarekin hitzarmena berritzea. CCOOk "langile klasearen baldintzak hobetzeko duen interes faltsua" argi geratu dela adierazi dute.
ESK eta ELAk adierazi dute haiek egindako lanagatik ez balitz, hitzarmenak "hilik jarraituko zuela". Eta okindegi sektoreko mugimenduen abiapuntu gisa jarri dituzte La Vitoriana enpresan egondako lan gatazkak, eta adierazi horiek zabaldu dutela bidea sektore mailako hitzarmen probintziala berritzeko. La Vitorianako langile baten hitzetan, "CCOOk nahiago izan du patronalarekin hitzarmen eskas bat lortu, benetan langileei galdetu eta haiekin antolatu baino".

Bestelako neurriak

CCOOk eta patronalak adostutako hitzarmenean, soldata igoerez gain, bestelako neurri batzuk ere aurreikusi dituzte. Hitzarmena argitaratzen denean, langileek ordainsari konpentsagarri bat jasoko dute, 725 eta 980 euro artekoa. Bestalde, lan jardunaldia 13 ordu gutxiagokoa izango da, eta 37,5 orduko jardunaldia ezartzeko konpromisoa jaso dute. Beste neurri batzuen artean, adostu dute abenduaren 24an eta 31n lana 17:00etan amaitzea.

ELA eta ESK sindikatuek, beren aldetik, kritika egin diote CCOOri berak bakarrik hitzarmena egin izanagatik. Izan ere, haiek eskakizun handiagoak zituzten. Urteko lanaldiaren murrizketa handiagoa eskatzen zuten, gutxieneko soldata "duina" ezartzea sektore osoan, antzinatasuneko hirurtekoen kopurua handitzea, gaueko plusa ezartzea, hozkailuetan eta labean lan egiten dutenentzako atsedenak, eta beste hainbat neurri. CCOOk lortutako akordio honekin, baina, 2027ra arte ez da beste negoziaziorik espero. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago