Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak elkarretaratzea egin du igandean Gasteizen, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio 2025eko aurrekontuetan "diru publikoa eskola publikoarentzat" izan dadin. Aurrekontuaren eztabaida ematen ari den egunotan, gogoratu dute hori dela "kalitatezko hezkuntza sistema berdintzailea" bermatzeko modu bakarra.
Elkarretaratzean gogoratu dutenez, astebete barru urteurrena beteko du EAEko Hezkuntza Legeak, eta pribatuaren finantzazioa "nabarmen" handitu du Hezkuntza Sailak. "Hau da, itunpeko sare pribatura bideratzen ari dira eskola publikoak behar dituen baliabideak". Honekin batera, plataformako kideen esanetan, "beharrezkoak ez diren plazak" kontzertatzen jarraitzen dute eskola publikoak hustuz, "eta, ondorioz, kudeaketa ekonomiko eskasa eginez".
Eskola segregazioaren iturria den hezkuntza sistema dual publiko-pribatuak "porrot" egin duela nabarmendu dute, alor ekonomikoan, emaitzetan, euskalduntze prozesuan eta kohesioan. "Eta kontzertazioa da gure hezkuntza sistema dual honen zergatia. Bada garaia, denon artean ordaintzen dugun mekanismo hau birplanteatzeko. Gure aldarrikapena argia da: eskola publikoa lehenetsi behar da planifikazioan, azpiegituretan eta baliabideetan".