Noticiaseko langileek protesta egin dute egunkariaren 20. urteurrenean

Erredakzioa 2024ko abe. 13a, 16:05

Europako jauregi aurreko elkarretaratzea, ostegun arratsaldean. Argazkia: DNA egunkariko enpresa batzordea.

"Prekarietatea" salatu dute langileek, eta enpresak ez dituela lan baldintzak negoziatu nahi.

Gasteizko Europa jauregi barruan Noticias de Álava egunkariaren 20. urteurrena ospatu bitartean, kanpoan elkarretaratzea egin dute kazetako langileek, Prekarietarik ez lelo duen pankartaren atzean. Hainbat urte daramate "hitzarmen duin bat" eskatzen, 2012. urtetik soldata izoztuta baitute, eta eskaera agintarien aurrera eraman nahi izan dute egunkariaren ospakizunean.

Sarreran banatu duten oharrean jasotakoaren arabera, hamabi urte daramate soldata igoerarik gabe. Erredaktoreek 1.300 euro inguruko soldatak jasotzen dituzte 14 ordainsaritan, eta enpresak ez dizkie nahitaezko osagarriak ordaintzen, besteak beste, igandeetan lan egiteagatik. 

"Hitzarmen duin bat negoziatu nahi dugu, prekarietate urte hauek atzean utzi ahal izateko", salatu dute langileek. Ordea, enpresak lan baldintzak ez dituela negoziatu nahi esan dute, eta, protesta gisa hainbat ekinaldi antolatu dituzte; azken bi asteetan, esaterako, kazetariek ez dituzte albisteak sinatzen. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago