Gizarte bazterketa egoeran dauden emakumeek esperientziak partekatu dituzte

Erredakzioa 2024ko abe. 12a, 16:34

Europa Jauregian bildu dira emakumeak, bai eta aldundiko eta GKEetako kideak ere. Argazkia: AFA

Emakume talde batek parte hartu du aldundiak antolatutako Oinez programaren amaierako topaketan. Orotara, 341 emakume daude gaur egun programa horretan.

Gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden Arabako emakumeek topaketa egin dute gaur Europa Jauregian. Aldundiak zabaldutako ohar baten arabera, hitzorduaren bitartez emakumeek "beren esperientziak eta ezagutzak" trukatu dituzte, "parte hartze sozialeko prozesuak indartu" eta "elkartasun loturak estutu" dituzte.

Aldundiak martxan jarritako Oinez programa pilotuaren amaiera gisa aurkeztu dute topaketa. Emakume horiez gain, erakunde publikoek eta gobernuz kanpoko erakundeetako langileek parte hartu dute gaurko ekitaldian. 

Oinez programa landa eremuko udalerrietan gizarteratzeko eguneko zerbitzua da, eta aldundiak 2017tik sustatu du. "Bere helburu nagusia da tresnak ematea partaidetza komunitarioa eta gizarteratzea hobetzeko, eta oinarrizko arloetan trebatzea, hala nola alfabetatzean, digitalizazioan, balio anitzeko okupazioan eta lanbideetan, besteak beste", azaldu du foru erakundeak. Oinarrietako bat emakume hauen prestakuntza eta enplegagarritasuna hobetzea da, genero ikuspegia aintzat hartuta. Gaur egun 341 emakumek erabiltzen dute programa, parte hartzaile guztien % 71.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago