Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, hainbat ikastetxe publiko batzeko prozesua hasi dute. Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, "eskola segregazioari" heltzeko ekimena da, eta ikastetxeak eta hezkuntza komunitatea ari dira hori antolatzen. "Prozesu horrek proiektu sendoagoak, koherenteagoak eta inklusiboagoak bihurtuko ditu hezkuntza proiektuak". 2025-2026 ikasturteari begira, Arabari dagokionez, Gasteizko Aita Orbiso eta Umandi eskolei eragingo die. Ostean, 2026-2027 ikasturtean, Santa Maria eta Landazuri, eta Adurtza eta San Ignacio eskolak batzeko asmoa dute.
Ikastetxeak batzeko proposamenak hezkuntza inklusiboaren alde hartutako konpromisoari erantzuten diola nabarmendu dute. "Konpromiso horrek oztopoak ezabatuko ditu, bereizketaren aurka borrokatuko da eta hezkuntza ekitatiboa bermatuko du, guztiek beren lekua izan dezaten, eta pertsona bakoitzak euskal hezkuntza sisteman arrakasta izatea ziurtatuko du".
"Itxierak"
Steilas sindikatuak kritikatu egin du erabakia, Fusioak baino, itxierak izeneko oharraren bitartez. "Bi eskola publiko bat egitea ez da kasualitatearen emaitza, aplikatutako hezkuntza politika pribatizatzaileen ondorio zuzena baizik, horietako bat ixtea baitakar bi eskola fusionatzeak". Sindikatuaren arabera, azken urteetan biztanleriaren osaeran izandako aldaketa sakonek "hezkuntza politika berriak" behar dituzte, eskola segregazioari eta euskalduntze eskasari irtenbide bat emateko. "Baina errealitatea bestelakoa da, ordea. Klase politikoak betikotu egin ditu euskal hezkuntza sistemaren arazoak, egiturazko konponbideak eman beharrean".
Salatu dute sare pribatuaren alde egin dutela, eta kalte handia egiten diela hezkuntza publikoari, euskarari eta gizarte kohesioari. "Hezkuntza Sailari eskatzen diogu behar diren neurriak har ditzala, euskal eskola publikoa kaltetzen duen inertzia pribatizatzaile hori gelditu eta datorren ikasturterako eskola publikoetan egon daitezkeen plaza guztiak eskaintzeko". Aldi berean, beharrezkoak ez diren plaza itunduen eskaintza mugatzeko eskatu du sindikatuak.
"Hezkuntza Sailak hezkuntza zentroak fusionatzea proposatzen du, horretarako, eskola publikoak itxiz. Nolanahi ere, prozesu horrek ez luke zertan lanpostu publiko edo ikasposturen galera ekarri. Hortaz, egingo balitz, egin dadila hezkuntza komunitatearen adostasunarekin".