Erresidentzietan "aurrerapenak" ikusi dituzte ELAk eta LABek aurrekontu akordioan

Erredakzioa 2024ko abe. 12a, 11:37

Greba dinamika luzean murgilduta daude erresidentzietako langileak. Argazkia: ELA

LABek iragarri du onartutako neurrien jarraipena egingo duela, eta borroka dinamikarekin jarraituko duela. ELAk "sektorea duintzeko" neurri eta konpromiso politikoak falta direla esan du.

EH Bilduk Arabako foru gobernuarekin lortutako aurrekontu akordioa Arabako EH Bilduko batzarrak berretsi ondoren, aurrera doa 2025erako aldundiaren aurrekontuaren tramitazioak. Aste honetan iragarritako akordioaren ardatzen artean dago erresidentzietako langileek bizi duten gatazka konpontzeko neurri ekonomikoak hartzea, eta hain zuzen horri erreparatu diote ELA eta LAB sindikatuek. Biek ala biek esan dute akordioa "aurrerapausoa" dela, baina ez dela nahikoa.

ELAk prentsa ohar bidez egin du akordioaren balorazioa, erresidentzietako sektoreari erreparatuta. Izan ere, akordio horretan, Arabako egoitzen lehen hitzarmena lortzeko zuzkidura ekonomiko bat zehazten da. "Neurri positiboa da", sindikatuaren iritziz, "eta langileen borrokaren emaitza, ia 40 greba egin baitituzte dagoeneko". Hala ere, ELAk adierazi du hitzarmen bat lortzeko "konpromiso eta neurri espezifikoak ere hartu behar direla, eta hitzarmena lortzea urrun dagoela oraindik". 

Sindikatuak nabarmendu duenez, Arabako egoitzetako langileen egoera prekarioa da, eta Arabako Foru Aldundia eta patronalak jo ditu egoeraren erantzuletzat.

LAB sindikatuak gehiago sakondu du balorazioan, eta aurrerapausoa dela berretsi arren kritikoa da edukiarekin. "EH Bilduren ekimenez hitzarmena gauzatzeko partida bat aurrekontuetan sartzea lortu da. Ekimen positibotzat jotzen dugu, baina esan behar dugu jasotakoa ez dela nahikoa sektore honetako langileen aldarrikapenei erantzuteko, ezta zerbitzu hau publifikatzeko pausoak emateko ere". Hartara, LABek iragarri du onartutako neurri horren jarraipena egingo du eta borroka dinamikarekin jarraituko duela sektorearen aldarrikapenak gauzatu arte.

Horrekin batera azpimarratu dute foru aldundiaren menpe dauden zaintza sektoreetako langileak, administrazioko langileak zein administrazioaren menpe dauden zaintza sektore pribatizatuen sektoreetako langileak kontuan hartzen dituzten politika publikoak egin behar direla, "sektore hauetako langileekin kontatuz".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago