Tren sozialaren asmoa, Europan

Erredakzioa 2024ko abe. 12a, 08:41

Arabako eta Nafarroako Tren Sozialaren aldeko kideak Europan egiten ari dira aurkezpena. Argazkia:AHTrikEZ

Bigarrenez joan dira Arabako eta Nafarroako Tren Sozialaren aldeko plataformako kideak Europara. AHTaren alternatiba teknikoa aurkeztu diete batzordeko eta parlamentuko hainbat ordezkariri

Espainiako Gobernua Manzanos eta Iruña Okaren arteko Abiadura Handiko Trenaren tartea eraikitzeko azkeneko urrats administratiboak egiten ari den honetan, Europara bira egin du Arabako eta Nafarroako Tren Sozialaren aldeko plataformak, AHTaren alternatiba Europako ordezkariei aurkezteko asmoarekin. Trena eta klima izeneko kanpainaren testuinguruan Europako Batzordeko ordezkariekin, Europako Garraio Batzordearekin, Europako Klima Batzordearekin, Europako Garraio eta Ingurumen Federazioarekin (T&E) eta europarlamentari ugarirekin bildu dira.

Kimetz Munitxa Etxeberria, David Andres Barandika eta Ignacio Rubin Orozko ingeniariek landu zuten proiektu teknikoa aurkeztu dute plataformako kideek Europako erakundeen eta ordezkari politikoen aurrean. "Alternatiba egingarri eta erreal batekin etorri gara, gaur egungo trenbide azpiegiturak berrituz eta egokituz, merkantzien eta bidaiarien trafiko mistoa ahalbidetuko lukeena", nabarmendu dute.

Izandako batzarretan, AHTaren alternatibak "oso harrera ona" izan duela azaldu dute plataformako kideek. "Alternatiba honekin, tren publiko eta sozial baten aldeko apustua egiten da, herrien arteko lotura hobetuko lukeena eta lurraldea bertebratuko lukeena, geltokiak eta geralekuak berriz irekiz, eta aldirikoen zerbitzu integral bat emango lukeena. Zerbitzu hau merkantzien eta bidaiarien abiadura azkarreko garraioarekin erabat bateragarria izango litzateke".

PSOE, PP, Sumar eta EH Bilduko Europako talde parlamentarioekin biltzeko aukera izan dute egunotan, eta faltan bota dute EAJrekin bildu ahal izatea. "Europako Garraio Batzordeko kide izan arren, ezin izan digu harrera egin, agenda arazoak argudiatuta". Euskal Herritik joan den delegazioaz aparte, Ekologistak Martxaneko garraio arduradunak eta Tren Publiko, Sozial eta Jasangarri baten aldeko Koordinadorak parte hartu dute bileretan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago