Euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu dute Arabako 24 enpresak, Eskuara zerbitzuarekin hitzarmena sinatuta. Lanabes egitasmoaren barruko zerbitzua da honakoa, eta gaur goizean egin dute sinadura ekitaldia Arabako Enpresen XI. Foroan.
Honako enpresa hauek sinatu dute hitzarmena Eskuara-rekin: Adigrafik, Aenkomer, Aiaraldeko Faktoria, Angostoko Kanpinga, Asafes, Ciudad Jardin, Ediren, Egibide LH, Eraiken LH, Eska Hiunday, Galemys, Gamarra LH, Grafik Sarea, Idarte LH, Irsearaba, Iza, Laudioalde LH, Mendizabala LH, Metaposta, Mutualia, Sartu Araba, Sirimiri, Tartekamedia eta Uriarte. Eskuara zerbitzuaren bitartez, doako aholkularitza ematen diete enpresei euskararen presentzia areagotzeko.
2023ko irailean aurkeztu zuten, eta ordutik harremanak egiten aritu dira bertako aholkulariak 24 enpresa horiekin, eta zerbitzua eskaintzen: barne dokumentazioak euskaldundu dizkiete, langileen artean euskara erabiltzeko dinamikak abiatu, sare sozialetan euskara erabiltzen hasi, hizkuntza irizpideak zehaztu, ikasleen praktikaldian euskara erabiltzeko neurriak hartu... Proiektua Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak finantzatzen du, eta zerbitzua Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak ematen du.