Atzoko egunaren bidetik, asteazkena hodeitsu mantenduko da, eta eguerdira arte abisu horia mantendu dute elurragatik: 700-800 metro artean kalkulatu dute elur kota, eguerditik aurrera 1.000 metroren langara pasako den arren. Haizeak ekialdetik egingo du gehienetan. Tenperaturetan ez da aldaketa nabarmenik izango, eta hotza izango da jaun eta jabe: Gasteizen 0 eta 6 gradu artekoak aurreikusi dituzte.
Ostegunarekin batera, ordea, badirudi giro eguzkitsua gailenduko dela, goizean goiz lanbroa eta lainoa agertuta ere. Oraingoan Eolok hego osagaitik jardungo du, aparteko indarrik gabe. Izotzari adi egon beharko zaio gauean eta goizean, 0 gradu azpiko langa aise gaindituko delako —abisu horia mantendu dute, hori dela eta—: hiriburuan -1 eta 10 gradu arteko aldea espero dute.
Iturria: araba.eus