ZuNonHanDA! egitasmoari esker, 59. Durangoko Azokan plazaratu dituzten nobedadeen sortak Euskal Herri osoko 66 liburu saltokitan izango dira aurten, eta horietako 23 dendatan liburu bat aurkeztuko da, idazlea bertan dela. Ekimen honen asmoa ez da soilik Durangoko Azokaren oihartzuna Euskal Herri osora zabaltzea; liburu saltokiek urte osoan zehar egiten duten lana aitortzea ere bada xedea.
Gasteizen, lau aurkezpen
Ane Ablanedok Zapalduon pedagogia liburua aurkeztuko du abenduaren 11n, 18:30ean, Gasteizko Elkar San Prudencio liburu dendan. Lan honetan, egileak askatasunaren eta askapenaren aldeko artikuluak biltzen ditu, iraultza handi zein txikietara gonbidatuz.
Unai Elorriagak Francesco Pasqualeren bosgarren arima eleberria aurkeztuko du abenduaren 12an, 19:00etan, Gasteizko Ezkisu liburu-dendan. Obrak Francesco Pasqualeren bizitza jarraitzen du, XIX. mendean Italiako hegoaldean jaiotako gizon bat, Wagner, Schumann eta Verdi konpositore handiekin bizi izan zena eta Bermeora emigratu zuena.
Bestetik, Manu Loopez Gasenik Segundo erabakigarriak liburua aurkeztuko du abenduaren 12an, 18:30ean, Gasteizko Casa del Libron. Karimen atzetik dabil antzezlana; institutu baten ondoan bonba-motxila batekin egindako atentatu baten lekukoa da Karim, eta botere misteriotsu bati esker bizi da.
Azkenik, Mitxel Elortzak eta Mariñe Jauregik Askatasun doinua liburu ilustratua aurkeztuko dute abenduaren 13an, 18:30ean, Gasteizko Arlekin liburu dendan. Palestinako genozidioa haurrei azaltzeko diseinatuta dago lan hau, testua eta ilustrazioak uztartzen dituen ikuspegi sentikor eta didaktikoa erabiliz.
Agurainen, June Fernandez
Bestalde, abenduaren 12an June Fernandez kazetaria Agurainen egongo da, 19:00etan, Eguzki liburu dendan. Aingeruak eta neskameak izeneko liburuaren berri emango du, eta ordezkapen bidezko ernalketaren inguruko saiakera bat izanik, gogoetarako tartea eskainiko du.