EAJk, PSEk eta EH Bilduk aurreakordioa lortu dute 2025eko foru aurrekontuak osatzeko

Erredakzioa 2024ko abe. 9a, 14:26

EH Bilduk aurreakordioa aurkeztu du gaur. Argazkia: EH BILDU

"Ez dira EH Bilduren aurrekontuak, EAJk eta PSEk osatutako foru gobernuaren aurrekontuak baizik", esan du Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduko batzarkideak.

Arabako Foru Aldundiko bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, aurreakordio bat egin dute EH Bildurekin, 2025eko aurrekontuak osatzeko. Hala jakinarazi du EH Bilduk gaur. "Foru gobernuaren politikak berbideratzek0" balio duen aurreakordioa dela adierazi dute EH Bilduko batzarkideek. 

Hala ere, aurreakordioaren aurkezpenean Eva Lopez de Arroiabe batzarkide taldeko bozeramaileak adierazi du ez direla EH Bilduren aurrekontuak, "EAJk eta PSEk osatutako foru gobernuaren aurrekontuak baizik". Aurreakordioa datorren asteazkenean eztabaidatu eta bozkatuko dute, EH Bilduko Arabako militanteekin egingo duten batzarrean.

Foru gobernuarekin sinatutako aurreakordioak 33 milioi euro bideratuko ditu legegintzaldi honetarako, eta horietatik 10 milioi inguru foru gobernuaren 2025erako aurrekontu proiektuari zuzenketak eginez gauzatuko dira.

Araban Bizibedi programa

EH Bilduk adierazi duenez, lau dira foru gobernuarekin duten akordioaren ardatz nagusiak: etxebizitza, adinekoen erresidentziak, "trantsizio ekosoziala" eta toki erakundeen finantziazioa. Lopez de Arroiabek azaldu duenez, Araban Bizibedi izeneko programa jarriko da abian akordioari esker, tokiko erakundeek landa eremuan etxebizitza sozialak eta gazteentzako etxebizitzak sortzeko laguntza programa. "Guztira 10,5 milioi euro izango ditu hurrengo hiru urteetarako, eta horietatik 3,95 milioi 2025eko ekitaldian gauzatuko dira", azaldu du batzarkideak.

Egoitza publikoa Kanpezun

Foru gobernuaren eta EH Bilduren artean sinatutako aurreakordioaren bidez, halaber, Arabako Foru Aldundiak adinekoentzako egoitzetan plaza publikoak sortzeko konpromisoa hartu duela esan du koalizio abertzaleak. "2013an Abetxukuko egoitzak ateak ireki zituenetik, foru aldundiak ez du plaza publiko bakar bat ere sortu. Arabako Mendialdea egoitza publikorik ez duten Arabako hiru eskualdeetako bat da, eta akordioari esker, Kanpezuko egungo Etxebizitza Komunitarioa egoitza-baliabide integral bihurtuko da 2026an" esan du Lopez de Arroiabek.

Partida horrez gain, etxebizitza komunitarioetan 24 orduko arreta emateko partida sartuko da; mendekotasuna baloratzeko talde berri bat sortuko du aldundiak; eta egoitza pribatuetako langileen lan gatazkari irtenbidea ematen laguntzeko "bultzada ekonomikoa ematea loru da, hitzarmen propio bat sinatzeko", azpimarratu du EH Bilduk.

Eskualdeko berriztagarrien mahaiak

Bestalde, egungo berriztagarrien zabalpenak eragin duen "egoera jasanezina"ren aurrean, EH Bilduko batzarkideak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, eskualdeko eztabaida-prozesuak abian jarriko dituela aldundiak, energia berriztagarriak hedatzeko. "Eztabaida prozesu horiek lagundu beharko dute egungo egoera argitzen, eta lurraldean berriztagarriak behar bezala hedatzea antolatzen, arrazoizko helburu gauzagarriak ezarriz". Horretarako, kontuetan 80.000 euro erabiliko dira; alegia, 10.000 euro bideratuko dira eskualde bakoitzean eztabaida prozesu horiek garatzeko.

Halaber, EH Bilduren esanetan, foru garraio publikoaren doakotasuna bermatuko da 18 urtetik beherako ikasle arabarrentzat; eta Arabako Foru Aldundiaren jantokietan ekoizpen ekologikoa eta zero kilometroko ekoizpena eskainiko da.

FOFELen ekarpena handitzea

Tokiko finantzaketa "hobetzea, zabaltzea eta egonkortzea" da aurreakordioaren laugarren ardatza, koalizio abertzalearen esanetan. Zentzu horretan, Lopez de Arroibek esan du FOFEL izango dela, akordioari esker, Arabako baliabide erabilgarrien %36,66 gutxienez, "hau da, egungo esleipena baino % 0,72 gehiago". 

Zentzu berean, lurralde orekari dagokionez, toki erakundeen finantzaketa ereduaren finantza nahikotasunari eta ekitateari buruzko azterketa egiteko konpromisoa hartu du foru gobernuak, Lopez de Arroiaberen esanetan, eta kontzejuei zuzendutako laguntza lerro berri bat sortzeko konpromisoa hartu du, "etorkizuneko plan estrategikoak eta biziberritzeko proiektuak egin ahal izateko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago