⛅ EGURALDIA

Hotza eta elurra astelehenari ekiteko

Erredakzioa 2024ko abe. 9a, 08:29

Abisu horia ezarrita dago elurragatik, eta prezipitazio iraunkorrengatik. Gaur elur kota mila metroren bueltan egongo da, baina bihar are beherago egongo dela dio Euskalmetek.

Egun nahasia izango dugu, zeru oso hodeitsuekin eta zaparrada iraunkor eta ugarirekin. Hain justu horregatik, Euskalmetek abisu horia ezarrita dauka eguerdira arte: 24 orduan 40 l/m² baino gehiago pila daitezkeela aurreikusi du meteorologia agentziak. Abisua ere finkatuta dago elurragatik, kota 900-1000 metrora egon daitekeelako (ekialdean 700-800 metrora kokatuko bide da). Lodierei dagokienez, aurreikuspenak dio mila metrora bost eta hogei zentimetro arteko elur geruza osatu daitekeela. Eolo iparretik ariko da, ahul-bizi, eta bolada gogorrak izango ditu. Tenperaturak 2 eta 6 gradu arteko aldean ibiliko dira hiriburuan, baina sentsazio termikoa -3 gradukoa izatera iritsi daiteke.

Abisua asteartean ere ezarrita egongo da, momentuz maila horian. Izotzagatiko eta elurragatiko abisu bana eman ditu Euskalmetek momentuz. Elur kota 600-800 metroan egon daitekeela diote, eta, AEMETen arabera, tenperatura bere horretan mantenduko da, 2 eta 6 gradu artean. Zeruak oso hodeitsu segiko du, eta zaparrada txikiak izango ditugu, batez ere egunaren lehen zatian. Arratsalderako hodeiak gutxituko omen dira.

Argazkia: SAIOA PEREZ DE MUNIAIN

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago