Animalien gaineko ordenantzak "ilegaltzat" jo dituzte

Erredakzioa 2024ko abe. 5a, 11:28

Ekologisten arabera, katu koloniak edonon egonda ere kudeatu behar dituzte udalek. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

GADEN talde ekologistaren arabera, EUDELek proposatutako ordenantzan oinarritu diren udal araudiak ez datoz bat estatu mailako legediarekin.

EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak animaliak babesteko proposatutako ordenantzan abiatuta Lagran, Lantarón, Erriberabeitia, Erriberagoitia edo Navabaridas udalerrietan martxan jarritako ordenantzak "indarrean dagoen araudiarekin bat" ez datozela salatu du GADEN talde ekologistak.

Natura Defendatu eta Ikertzeko Arabako Elkarteak gaur ezagutzera eman duenez, Espainiako Eskubide Sozialak, Kontsumo eta 2030 Agenda Ministerioaren baitako Animalien Eskubideetarako Zuzendaritza Orokorraren txosten batek estatu mailako araudia urratzen dituzten "artikulu asko" identifikatu ditu euskal udalerrietan onartzen ari diren ordenantzetan. Zehazki, Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko 7/2023 legea urratuko lituzke EUDELen ordenantza eredu horrek. 

GADEN taldeko bozeramaile Andres Illanaren irudikoz, EUDELek proposatutako ereduak "estatu mailako araudiari entzungor egiten dio", eta, horrez gain, "oinarrizko hainbat kontzeptu distortsionatzen ditu".

Adibidez, araudiak lepoko elektrikoak onartzen ditu, eta hori estatu mailako legean "guztiz galarazita" dago. Bestetik, araudiak katuen kudeaketa espazio publikoetara mugatzen ditu, baina estatu mailako legeak dio horiek babestu behar direla beren kokalekua edozein dela ere. 

Animaliak sakrifikatzeko arrazoien inguruan, ekologistek argudiatu dute estatu mailako araudian azaltzen ez diren hainbat zio jaso dituela EUDELek. Besteak beste, ingurumenari edo arkitektura ondareri lotutako arrazoiak.  

Illanak dio "kezkagarria" dela EUDELen ordenantza hau beste hainbat udalerritara zabaltzea, "eskubideak urratzen dituen eta lege ziurgabetasuna sortzen dituen praktikak finkatuz". Horregatik guztiagatik udalei eskatu diete "berehala" ordenantza horiek berrikusteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago