Indarkeria matxista salatzeko kontuan hainbat kasu seinalatu dituzte Araban

Erredakzioa 2024ko abe. 4a, 14:44

'@denuncias_euskalherria' Instagram kontuan egindako salaketak.

Besteak beste Gasteizko areto ezagun bateko musika teknikari bat salatu dute hainbat emakumek, eraso matxistak, indarkeria eta jazarpenagatik.

Duela astebete zabaldu zen Instagrameko @denuncias_euskalherria kontua, eta, ordutik, dozenaka testigantza anonimo jasotzen ari dira. Azaroaren 20an publikatu zuten lehen testigantza, eta geroztik, hamar egunean, 130 salaketa baino gehiago jaso dituzte. Arabatik jasotako salaketen artean dagoeneko bost dira Gasteizko musika areto ezagun batean soinu teknikari lanetan aritzen den gizon baten inguruan jaso diren testigantzak. Kasu guztietan, "erasoak", "jazarpena", "umiliazioak", "irainak", eta "indarkeria" aipatzen dute salatzaileek.

Halaber, emakumezkoek modu anonimoan salatu dituzten kasuen artean dago Gasteizko saskibaloi entrenatzaile batena. Klub batetik bota zutela baina beste batean hartu dutela eta neska adin txikikoei "botere abusuak" egiten dizkiola azaldu dute. Era berean, Marianistas ikastetxeko liburutegian garai batean arduradun zegoen apaizaren kontrako salaketa bat jarri dute @denuncias_euskalherria Instagram kontuan, neska txikiei ukituak egiten zizkiolako.

Salaketa Euskal Herrian

Kontuaren aurkezpenean azaldu dutenez, indarkeria matxistaren testigantzak jasotzeko kontua diziplina anitzeko emakume lagun talde batek sortu du, eta horien artean daude psikologoak, irakasleak, gizarte langileak eta hezitzaileak. "Beldurragatik (erasotzaileei beldurra, indarkeria instituzionalari beldurra...) isilarazi zituzten emakumeei ahotsa emateko asmoz elkartuak.
Gure arlo guztietatik, elkarrekin lan egiten dugu adierazpen espazioak sortzeko, oztopoak hausteko eta entzutea merezi duten istorioak aldarrikatzeko". Indarkeria matxista bere adierazpen guztietan desagerrarazi nahi duten pertsonen batasunaren indarrean sinesten dutela adierazi dute.



"Inoiz erasoren bat jasan baduzu eta ezin izan baduzu beste modu batean partekatu, gogoratu zure ahotsa garrantzitsua dela. Modu anonimoan hitz egin dezakezu espazio honetan –Instagram kontuan–. Ez zaude bakarrik, zure istorioa baliotsua da eta sendatzeko testigantza partekatzea lehen urratsa izan daiteke", esan dute.

Oraingoz, anonimotasuna mantentzea erabaki dute, "gure lana batzen gaituen kausara bideratzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago