Mendizorrotza futbol zelaian, Zaramagan, Arabako campusean, Michelinen, Alde Zaharrean… dozenaka tokitan jaso zuten orain dela hamar urte ALEA aldizkariaren zero zenbakia. Aldizkaria ezagutzera emateko kanpainaren barruan, 65.000 ale banatu zituzten, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez.
Goizetik gauera, herrialde osoko hamaika txokotara iristeko asmoz, ALEAren banaketa lanetan laguntzeko herritar ugari inplikatu ziren. Iluntzean, gainera, banaketan parte hartu zuten guztiek topa egin zuten Gasteizko Alde Zaharrean. "Arabako ALEA eta euskaraz urteko 365 egunetan bizi nahi dugun aldarria lau haizeetara zabaldu dugula ospatuko dugu", esan zuten. Bitartean, ALEAk aurrera egiteko, "aleak jartzen" jarraitzeko deia egin zuten.
Euskaltzaleen bultzadari esker, eta irakurleen zein harpidedunen babesari esker, 2015eko urtarrilaren 16an izan zen harpidedunen etxean ALEAren lehen zenbakia, eta ordutik, etenik gabe, astero-astero argitaratu da Arabako euskarazko komunikabide bakarra. Hala, Araban euskarazko tokiko hedabideen hutsunea betetzeko jaio zen astekariak erdietsi du helburua.