Praktikak Europan egiteko beka aurkeztu dute Lanbide Heziketako ikasleentzat

Erredakzioa 2024ko abenduaren 3a

Egibideren Lanbide Heziketako eskoletako bat. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Vital Fundazioaren eskutik, 500€ jaso ahalko dituzte Araban erroldatutako lanbide heziketako ikasleek, datorren urtean hiru hilabeteko praktika egonaldia egiteko.

Lehen aldiz Erasmus LH Beka deialdia zabaldu du Vital Fundazioak, 2024-25 ikasturtean Europako enpresetan praktikak egiteko. Araban erroldatutako ikasleei bideratua dago laguntza, bertako Lanbide Heziketako ikastetxeetan matrikulatuta eta goi-mailako ikasleentzako Erasmus mugikortasun programan onartuta dauden ikasleentzako.

Ordaindu gabeko praktiketan hiru hilabeteko egonaldia egiteko 500 euroko laguntza jasoko dute ikasleek. Abenduaren 16tik urtarrilaren 17ra egongo da zabalik beka eskatzeko epea, fundazioaren webgunean eskegitako eskaera orriaren bidez. Urtarril amaieran argitaratuko da irabazleen zerrenda. Laguntza bakarra jaso ahal izango du ikasle bakoitzak, eta eskaera kopuruak ezarritako aurrekontua gainditzen badu, eskabide guztien artean banatuko da aurrekontua.

Hainbat baldintza bete behar dira bekak eskatzeko. 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen Araban erroldatuta egotea, Lanbide Heziketako goi-mailako titulu ofiziala lortzeko ikasketak Araban egiten aritzea, eta ikastetxeak ofizialki hautatu izana 2024-25 ikasturtean Europar Batasuneko herrialde kideetan mugikortasunari buruzko KA131 Erasmus + Programan parte hartzea. Kutxabankekin ere lotura baldintza jakin batzuk ere mantendu beharko dituzte, oinarriek zehaztu bezala.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago