Euskararen Eguna

Zergatik ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an?

Erredakzioa 2024ko abe. 3a, 09:06

Eusko Ikaskuntzaren 1949ko Euskararen Eguneko idatzia. Diseinua: ALEA

1995. urtean Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an izango zela ezarri zuten Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak.

Ate joka dugu abenduaren 3a, eta, egun horretan, munduko bazter askotan ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna, baina badira oso ezagunak ez diren zenbait bitxikeria ospakizun honen inguruan:

  • Ba al zenekien Euskararen Eguna guztiz lotuta dagoela Frantzisko Xabierkoa deunarekin? 1552ko abenduaren 3an hil zen Frantzisko, eta kondairak dioenez, hil aurreko azken hitzak bere ama hizkuntzan izan ziren, hots, euskaraz.
  • Ba al zenekien 1949. urtean Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna ezarri zuela? Euskararen Nazioarteko Egunaren lehenengo edizioaren dokumentua berreskuratu dugu:
1949ko Euskararen Eguneko idatzia. Iturria: Eusko Ikaskuntza
 
  • Ba al zenekien, ondoren, 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu egin zutela?
  • Ba al zenekien Euskararen Egunak hainbat izen izan dituela? Lehendabiziko edizioan Eskuararen Eguna erabili zen eta ondorengo urteetan Euzkararen eguna edo Euzkara Eguna bezala ikusi dugu. Egun, Euskararen Eguna edo Euskararen Nazioarteko Eguna erabiltzen dira.
Erbestetik, Eusko Jaurlaritzak Parisetik argitaratutako Euzko Deya egunkaria (1949).
 
  • Ba al zenekien Euskal Herrian ez ezik, munduko beste hainbat herrialdetan ere ospatzen dela Euskararen Nazioarteko Eguna? Jakin badakigu, behintzat, Mexikon, Bartzelonan, Washingtonen, Buenos Airesen eta Parisen ere euskara goraipatzen dela abenduaren 3an.
'El Euzkeraren Eguna', Euzko Deya egunkariko artikulua (1949). Iturria: Eusko Ikaskuntza

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago