Datozen lau urteetan Arabako Foru Aldundiak bost milioi euro emango dizkio automobilgintzaren alorrean ariko den BAM Basque Automotive Manufacturing Center izenekoari formazioa eman dezan eta, modu honetan, Arabak sektoreko puntako teknologia "gidatzen jarrai dezan".
BAM edo Automobilgintzan Fabrikazio Aurreratuko Teknologiak Garatzeko Euskal Elkartea dagoeneko "errealitate bat" dela babestu du foru erakundeak, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eta Mariluz Villamor BAMeko gerenteak BAM Academy izenekoa abiatzeko gaur finantzazio akordioa sinatu eta gero. Haiekin batera egon dira Saray Zarate Ekonomia diputatua eta Bernd Krottmayer Mercedes-Benz lantegiko zuzendari nagusia.
Sustatzaileen esanetan —aldundiarekin eta Mercedes-Benzekin batera, Jaurlaritza, Gestamo eta Mondragon taldea daude "lankidetza publiko-pribatuko" center berri honen atzean—, proiektua "automobilgintzako erreferentzia zentro bat" izango da "estatuan eta Europan", eta "ikerketa eta berrikuntza teknologikoa" bultzatuko ditu. Horrez gain, "talentu berria" garatuko du, "euskal automobilgintzaren sektorearen produkzio egitura eraldatzeko, haren elektrifikazioa lortzeko eta produktibitatea handitzeko".
BAM berriaren zereginen artean honako hauek egongo dira: teknologia berrietan "berrikuntza eta ezagutza" sortzea, "gaitasun zientifiko teknologiko berriak" abiatzea eta "daudenak koordinatzea". Horiekin guztiekin, aldundiaren arabera, sektorea "eraldatzen" lagunduko dute, "elektrifikazioa lortuz eta produktibitatea handituz".
Ramiro Gonzalezen aburuz, "Araba ez da ulertzen automobilgintzaren sektorea gabe, lurraldeko garapen ekonomiko eta sozialaren eragilea baita". Sektore hori "eraldaketarako une garrantzitsu batean" dagoenez gero, aldundiak "konpromiso sendoa" hartu du "ekimen estrategiko" hau babesteko.
Mariluz Villamorrek, berriz, azpimarratu du bost milioi euroko ekarpen hau jasotzen duen hitzarmenak aukera emango duela "Europako zentroetako ezagutza erakartzeko", bai eta "tokiko agente prestatzaileekin talentua sortzeko programak diseinatzeko eta abian jartzeko". Bestak beste, aurreratu du 2026ko irailerako ingeniarientzako master bat jarriko dutela martxan.