Greba Feminista Orokorra egin zutenetik erakundeen aldetik erantzunik ez dutela izan salatu du gaur Denon Bizitzak erdigunean dinamikak. Lehendakaritzaren aurrean ekimen bat egin dute; eta Maria Txibiteren eta Imanol Pradalesen irudi bana jarri dute, zaintzaren pilota haien eskuetan irudikatuta. "Urtebete, gobernuei mahai instituzionala eskatu genienetik. Urtebete erantzunik gabe. Urtebete pilota zuen teilatuan", esan dute.
Plataformako kideek argi adierazi dute, hasieratik esan zuten bezala, greba ez zela helburua, "beste mugarri bat baizik"; eta azken urtean ez direla geldirik egon esan dute. Horregatik, larunbat honetan, azaroaren 30ean, berriro ere kalera aterako direla iragarri dute, "lanean jarraitzen dugula aldarrikatzera eta erakundeei berriro ere eskatzera gurekin eser daitezen".
Mobilizazioak Arabako hainbat txokotan egingo dira. Gasteizen 12:00etan Probintzi plazatik kalejira aldarrikatzailea hasiko da, bertan hainbat kolektibok parte hartuko dutelarik. Ekimena Plaza Berrian amaituko da irakurketa eta zaintzarako espazio kolektibo batekin. Halaber, Amurrion asanblada informatiboa eta kalejira eginen dituzte, Gorbeialdean bideo partehartzaile bat, eta Lautadan kalejira.
Mugimendu feministatik zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzen eta zaintzarekin negozio egiten dutenak zuzenean interpelatzen jarraituko dutela adierazi dute. "Argi utzi nahi dugu beste behin ere, gaur egungo Euskal Herriko zaintza erregimena ez zaigula baliagarri. Batez ere, emakume* migratu eta arrazializatuoi".
Ildo horretan, salatu dute azken hogei urteetan erakundeek sistematikoki pribatizatu dituztela ahal izan dituzten zaintza zerbitzu publiko guztiak, "enpresa lagunen eskuetan jartzeko eta horietatik milioi askoko etekinak ateratzeko, zaintzaren kalitate eza eta langileen lan baldintzen kontura".